Herri Unibertsitatea abian NUPen

Euskalerria Irratia 2015ko mar. 16a, 10:44

Infogunea prest

NUP eta EHUko ikasleek “herritik eta herriarentzat” eginiko unibertsitate eredua aldarrikatuko dute  hiru egunez  hitzaldi, tailer eta mobilizazioen bidez.

Gaur egungo hezkuntza sistema albo batera baztertu eta “herritik eta herriarentzat” izanen den alternatiba berri bat eraikiko dute martxoaren 16, 17 eta 18an NUP eta EHUko ikasleek. Joan den urtean Leioako campusean izandako Herri Unibertsitatetik urtebete igaro da. Aurten Leioan ez ezik, Bilbon, Iruñean, Gasteizen eta Donostian eginen dituzte Herri Unibertsitateak.

Otsailaren 26ean 13.000 ikasle inguruk Hego Euskal Herriko hiriburuetako zein herrietako karriketan atera ziren Espainiako Gobernuak zein Eusko Jaurlaritzak ezarri nahi dituzten hezkuntza erreformen aurka. LOMCE eta Heziberri proiektuari ez ezik, EU2015 unibertsitate erreformari “planto” egin eta “herritik eta herriarentzat” izanen den hezkuntza eraikitzen hasiko zirela nabarmendu zuten.

Egitarau zabala antolatu dute ikasleek: hitzaldiak, tailerrak, mobilizazioak eta eztabaidak besteak beste. Ikasleek ikasleentzat antolatutako klaseak dira hiru egunez EHU eta NUPeko campusetan egonen direnak. Ikasleekin batera, irakasleak eta herri mugimenduko eragileak parte hartu dute.

Unibertsitateetan alternatiba datorren astean eraikiko duten bitartean, ikastetxeetan itxialdiak egin dituzte LOMCE eta Heziberriren aurrean beste hezkuntza eredu bat aztertu eta sortzeko.

Ikasle Asnbladak antolatutako ekimena NUPen

Iruñeko campusean, NUPeko ikasle asanbladak antolatu ditu ekimenak. "Euskal Eskola Nazionala ez da etorkizunean zerutik etorriko den eredu utopikoa. Oraina borrokatuz eta eraikiz, eskuratuz joango garen helburu estrategiko bat da Euskal Eskola Nazionala", dio Ikasle Abertzaleak kaleratu duen komunikatuan. Bide honetan, Herri Unibertsitateen gisako proiektuak eraikitzen joatea ezinbesteko pausotzat jotzen dute.

Hezkuntza ereduaz hausnartzen eta hauek praktikara eramaten, borroka esperientzia berriak jorratzen ari da ikasle mugimendua egunero eta Herri Unibertsitateak horren ispilu izango dira.

 

Erlazionatuak

Herri Unibertsitatea NUPen

Euskalerria Irratia 2015 mar 13 Iruñea

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!