Senitartekoek sare sozialetan zabaldu duten bezala, Aranjuezeko kartzelatik atera da Asier Aranguren iruindarra, 20.000 euroko bermea ordainduta. Operazio polizial berean atxilotutako Egoitz Lopez de la Calle ere libre gelditu da.
EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren Mintzaidetza Lanetarako Taldearen kontrako operazioa egin zuen iazko urtarrilaren 8an Guardia Zibilak. Arantxa Zulueta, Jon Enparantza, Aitziber Sagarminaga, Jose Campo, Egoitz Lopez de La Calle, Aintzane Orkolaga, Asier Aranguren eta Mikel Almandoz izan ziren atxilotuak.
2012ko uztailean aurkeztu zuten Mintzaidetza Lanetarako Taldea. Presoen auziari buruz hitz egiteko EPPK-ko mintzakideek dituzten zailtasunak direla-eta izendatu zuten bitartekari lanetan arituko zen talde bat. Aurkezpenean, azaldu zuten gizarte eragileei presoen hitza helarazten eta eragileen iritzia jasotzen saiatuko zirela. Hainbat bilera egin zituzten eragile politiko eta sozialekin.
'Asier ETA biok' filmeko protagonista
Aitor Merino zinegilearen eta Arangurenen adiskidetasuna kontatzen duen Asier ETA biok filmeko protagonista da Aranguren. Espainiako herritarrei euskal gatazka beste era batera erakusteko eginiko ahalegina da filma.