Arantzadiko agustindarren komentua gazteentzako zentro bihurtzea proposatu du Geroa Baik

Euskalerria Irratia 2015eko martxoaren 9a

Itziar Gomez eta Jokin Zabalo (Argazkia: Geroa Bai)

Eraikina Udalarena da, eta koalizioak dio inbertsio handirik egin gabe molda litekeela.

“Agustindarren proiektua Iruñeko gazte guztiei zuzenduriko eskaintza garrantzitsua egiteko aukera historikoa da”, Geroa Baiko Iruñeko udal hauteskundeetarako zerrendaburu Itziar Gomezek nabarmendu duenez. Bere idurikoz, “bistan da Iruñeko Udalak orain arte ez duela izan gazteentzako eskaintza pulamentuzkorik”. Azpimarratu duenez, “Udala aspaldidanik iragartzen ari da bere webean gazteentzako hirugarren plan integral bat, baina halakorik ez da heldu bigarrena guztiz iraungiturik dagoela agerikoa izanagatik ere”. Gomezek salatu du gazteentzako eskaintza bakarra Gaztediaren Etxea dela, hori enpresa pribatu batek kudeatzen duela, eta enpresa horrek kudeatzen duela udalaren gazteentzako aurrekontu ia osoa. Hori guztiori horrela eta Agustindarren komentua Udalarena dela eta ez dela deustarako erabiltzen aintzat hartuz, guztiz egingarria da han gazteentzako zentroa sortzea. Gomezen arabera, “Udalak besterik gabe proiektua bideratu beharko luke, eta gazteek beraiek, Iruñeko sortzaileek, kultur zein gizarte eragileek erabaki beharko lukete zehazki zer eta nola egin”. Gazteok Bai taldeko kide Jokin Zabalok azaldu du eraikina egoera onean dagoela, eta inbertsio handirik egin gabe molda litekeela gazteentzako zentro bihurtzeko. Arte plastikoentzako aretoa, ikusentzunezkoentzako gunea, eta ahalduntze eta ekintzaileentzako gunea sortzea proposatu du, baita kontzertuetarako aretoa ere.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!