Euskarazko haur eskolen aldeko jende-katearekin bat egin du Iruñeko Udalbatzako gehiengoak

Euskalerria Irratia 2015ko mar. 9a, 15:18

Argazkia: Iruñeko Euskalgintza

Gaur, martxoaren 10arekin, eginen dute, 18:00etan, Arrotxapetik Udaletxera.

Iruñeko oposizioko talde guztiek bat egin dute gaur goizean, gaur egitekoa den euskarazko haur eskolen aldeko jende katearekin. Iruñeko Euskalgintzako ordezkarien eskutik prentsaren aurrera azaldu dira Geroa Baiko Itziar Gomez, PSNko Jorge Mori, Bilduko Patri Perales eta Pello Martinez de Eulate, Aralarko Ana Barrena eta Aritz Romeo eta Izquierda Ezkerrako Edurne Egino.

Iruñeko auzo guztietan euskarazko haur eskolak izatearen aldeko jende katea gaur arratsaldean eginen dute, 18:00etan, Arrotxapeko Raimundo Lanas karrikatik Udaletxeraino. Esan gabe doa tartean, Santo Domingo aldapan, Hezkuntza Departamendua dagoela.

"UPNk eskaera erreala ezkutatu nahi du"

Haur Eskolak Euskaraz plataformak antolatu du protestaldia, eta Iruñeko Euskalgintza taldeak deialdiarekin bat egin du. Azkenhorretako kide dira EHE, Administrazioan Euskaraz Ekimena, AEK, IKA, Sortzen, Nafarroako Ikastolen Elkartea eta Karrikiri Elkartea.

Kontseiluko Maite Indak deitzaileen izenean azaldu duenez, "UPNk euskarazko eskaera erreala ezkutatu nahi du, horregatik ez du matrikulazio formularioan hizkuntza eredua hautatzeko aukera ematen, horregatik eskaintzen ditu euskarazko haur eskolak bi auzotan soilik".

"Arrotxapeako aldaketa ez da aski"

Haur Eskolen Partzuergoak aldaketa bat egin berri du: Rotxapea haur eskolak euskaraz funtzionatuko du aurrerantzean. Baina Txantreako Egunsenti euskaraz aritzetik gazteleraz aritzera igaroko da. Txantreako beste haur eskolak euskarazkoa izaten segituko du. Haur Eskolak Euskaraz ekimenaren aburuz, "lorpen txiki bat da, orain arte euskarazko bi haur eskolak auzo berean egon direlako, eta hau aukera hobea delako, baina finean euskarazko plaza kopurua berbera da, horretan ez dago aurrerapausorik".

Iruñeko Euskalgintzak joan den ikasturtean, aurre-matrikulazio kanpainan, haien seme-alabentzat euskarazko haur eskola nahiko luketen familien datuak bildu zituen. 466 ziren. Udalak 1.399 plaza eskaintzen ditu orotara. Horietatik 164 bakarrik dira euskarazkoak. Bi haur eskolak funtzionatzen dute euskaraz, besterik ez. Hau da, eskaera eskaintzaren halako hiru da, gutxienez, atzoko agerraldian salatu zutenez

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!