Berdintasunaren aldeko adierazpena onartu du Iruñeko Udalak

Euskalerria Irratia 2015ko mar. 6a, 13:43

Osoko bilkurak gizon eta emakumeen arteko berdintasuna aldarrikatzen duen adierazpen instituzionala onartu du igandeko Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira.

Adierazpenak azpimarratzen duenez, azken 25 urteetan aurrerapausoak eman dira berdintasunaren aldeko politikak agenda politikoan sartzeko. Baina, bidea luzea da oraindik. Alor pribatuan emakumeek pisu handiagoa izaten jarraitzen dute, besteak beste, zainketan. Lan arloan, sexu-bereizkeria, soldaten arteko zuloa, eta kontziliazioa erraztuko luketen politiken falta nabarmentzen ditu adierazpenak.

Krisiaren ondorioz "arriskuan" daude azken hamarkadetan egin diren aurrerapenak. CEDAW 2008-2013 txostena aipatzen du ebazpenak, eta dio "emakumeen elkarteek eta mugimendu feministek ohartarazi dutela okerrera egin dutela Nafarroan berdintasunaren aldeko politika publikoek". Txostenak baieztatzen du "2013an %63,85 murriztu dela aurrekontua berdintasunaren alorrean".

Iruñeko Udalak onarturiko adierazpenean "berdintasuna errealitate bilakatzeko" konpromisoa jaso dute, eta aintzat hartzen du Emakumeen Kontseiluak egina duen proposamena Iruñeko kaleei, plazei eta eremu publikoei emakumeen izenak paratzeko. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!