Aitor Etxarte: Fundamentalistak dira

Euskalerria Irratia 2015ko ots. 16a, 13:08

Azken egun hauetan Espainiako Erresumaren bi alderdi nagusiek beste hitzarmen bat sortu dute: Jihaidismoaren aurkakoa. Erlijio jakin baten jarraitzaile sutsuen ondorio terroristak zigortzeko sortu dute. Europak gaur egun omen duen mehatxurik larriena da han-hemengo Barne ministroek aldarrikatu duten bezala.

 

Musulman fanatikoek Europako joko politikoaren ardatz bihurtu dira. Beste askotan bezala, erlijioen jarraitzaileek erakutsi dute egia absolutua eta zerutiarra duen pertsonak ez duela mugarik, zilegi dutela sarraskia. Europa giristinoak mendeetan pasarte ahantzi gabeak lardaskatu ditu etxean eta kolonietan.

 

Oraingoa, zuzenean, propaganda da.

 

Zibilizazio modernoak bazterrean utzi ditu Jainkoak eta bortizkeria erlijiosoa alboratu. Egia totala zerutik ez datorren garaietan, bistan da, bulegoetan sortzen da eta aurrekoa baino hamaika aldiz odoltsuagoak dira gerrak eta jazarpenak. Azken mendeko sarraski basatienak ez dira erlijioaren izenean egin, ideologia laikoak izan dira bultzatzaileak. Zer izan dira bestela faxismoa, nazismoa edo estalinismoa? Nor zegoen Dresden, Stalingrad, Hiroshima, Gaza edo Bagdadeko triskantzen ostean?

 

Gerra krimen handienak gaur egun demokrazia eta giza eskubideen izenean egiten dira. Hori bai, fanatismorik gabe, arrazionalki, bihotza tolerantziaz betea. Merkatuen egia absolutua bortitz inposatzen da, baina bulego dotore eta atseginetatik. Europan, adibidez, ez gara fundamentalistak.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!