Iruñeko Udaltzaingoko buru ohi Simon Santamaria auzipetuen aulkian eseri araziko du Maria Paz Benito epaileak. Iruñeko 3. Instrukzio Auzitegiko buruak bi delituren zantzuak atzeman ditu bere jardueran: prebarikazioa eta udaltzain bat umiliatzea.
Epailearen autoaren arabera, Santamariak prebarikatu egin zuen 2010ean, ebazpen bat plazaratu zuelarik, "arbitrarioa zela jakinda". Ebazpen horren bitartez Santamariak hiru udaltzain bederatzi egunez enplegurik eta soldatarik gabe zigortu zituen, gaizki aparkaturik zegoen eta akreditazio ofizialik ez zeraman auto ofizial bati isuna jartzeagatik.
Benitok halaber dio Santamariak udaltzain baten "integritate moralaren aurkako delitua" egin duela pentsatzeko zantzuak badirela. Udaltzain hori Maite Gonzalez da, APM/SPPME sindikatuko ordezkaria. Sindikalista lanetan ari zelarik Santamariarekin ika-mika izan ondoren, udaltzaingoko buruak sei espediente zabaldu zizkioten eta "justifikatu gabeko" zigor bat ezarri zioten.
Sindikatuek Santamariaren kontra aurkezturiko salaketan beste lau delitu aipatzen ziren, baina horiek artxibatzea erabaki du Benitok.