Nafarroa Beherean euskara jakitea derrigorrezkoa zen XVI. mendean Kontseiluko kide izateko

Euskalerria Irratia 2015ko ots. 6a, 17:48

Euskarak gobernuaren goi instituzioetan izandako presentziari buruzko liburua argitaratu dute.

Euskara herriaren mintzaira nagusia izan arren, presentzia urria izan du alor instituzionalean, baina, hala ere, gure hizkuntzak lortu zuen nolabaiteko presentzia instituzio haietako batzuetan toki eta une zehatz batzuetan.

Esate baterako: euskara jakitea derrigorrezkoa zen Nafarroa Beherean XVI. mendean, Kontseiluko eta Errege Txanzileriako kide izateko. Bizkaiko Batzar Nagusietan, aldiz, derrigorrezkoa zena gaztelania jakitea zen, eta ikusita kide asko eta asko euskaldun elebakarrak zirela, amore eman behar izan zuten eta aldi bereko itzulpen zerbitzua ezarri komunikazioa ziurtatu ahal izateko.

Pamiela argitaletxeak, Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin lankidetzan, berriki argitaratu du“El euskera en las altas instituciones de gobierno a través de la Historia” (Euskara gobernuaren goi instituzioetan Historian zehar) liburua. Lana koordinatu dute Juan Madariaga eta Álvaro Adot irakasleek, eta bertan biltzen dira 2013ko azaroan Arrosadiko campusean egindako nazioarteko jardunaldi batzuetan aurkeztutako lanak.

Kontu jakina da instituzioek gaztelania, frantsesa, latina, eta baita okzitaniera hizkuntza ere ofizial egiteko hautua egin zutela, baina euskarak ere lortu zuen nolabaiteko presentzia instituzio haietako batzuetan, liburuan azaltzen diren hitzaldietan agertu bezala.

Hainbat ekarpenen bidez, zenbait erakundetako (Euskaltzaindia, Nafarroako Unibertsitate Publikoa, Euskal Herriko Unibertsitatea, Université de Pau et des Pays de l’Adour, University of Nevada) ikertzaile batzuk aztertu dute Euskal Herriko Instituzioek Historian zehar euskararekin izan duten harremana, eta XVI. eta XX. mendeen artean presentzia hori erreferentziatzen eta aztertzen saiatu dira hainbat azterketa esparrutatik begira, soziolinguistikotik hasi eta juridikoraino, kontuan hartuz baita ere esparru historiko hutsa eta administratiboa, edo XIX. eta XX. mendeen artean gertatutako prozesu politiko nagusiak ere bai.

Azterketa honetan sartzen dira mota askotako instituzioak: Nafarroako Errege Kontseilua, Nafarroa Behereko Errege Txanzilleria, Bizkaiko Batzar Nagusiak, Iruñeko gotzain hiriko epaitegiak, zenbait kontseilu eta euskal udal, etab.

NUPeko Juan Madariaga eta Pabeko eta Adourreko Herrialdeetako Unibertsitateko Álvaro Adot irakasleek eta lanaren koordinatzaile direnek sinatu dituzte hitzaldiak, eta haiez  gain egile hauek:  Andrés Urrutia euskaltzainburuak; Íñigo Urrutia, Euskal Herriko Unibertsitateko irakasleak; Imanol Trebiño, Unibertsitate bereko liburuzainak; Joseba Intxausti Euskaltzaindiako kideak; Roldán Jimeno NUPeko irakasleak; Eneritz Zabaleta Pabeko eta Adourreko Herrialdeetako Unibertsitateko irakasleak; eta Xabier Irujo Nevadako Unibertsitateko (Reno) Center for Basque Studies zentroko kideak.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!