Iruñeko sheriffen garaia bukatu ote da?

Argia 2015ko urt. 27a, 10:00

Simon Santamaria Iruñeko udaltzainburuak dimititu egin du. “Arrazoi pertsonalengatik” izan dela esan badu ere, zazpi deliturengatik epaituko dute laster.

Bigarren dimisioa da bederatzi hilabetetan. Ignacio Polo Iruñeko Herri Segurtasunaren arduradunak apirilaren 21ean utzi zuen kargua –lehenago, alkohol tasa altuarekin gidatzen harrapatu zuten udaltzainek–.

Azken hilabeteetan hiriburuko segurtasun indarretan egindako aldaketek UPNk gidatutako erregimenaren gainbehera irudikatzen dutela argitaratu du Noticias de Navarrak.

15 urtez izan dira  Polo eta Santamaria Nafarroako hiriburuko segurtasunaren arduradun. Urte horietan esku gogorrarekin erantzun diete Iruñean egindako zenbait ekintza eta protestari.

Akusatuen aulkian esertzeko bidean

Santamariak urtarrilaren 15ean dimititu zuen eta zazpi deliturengatik epaituko dute. Horien artean, Poloren alkoholemia kontrolean aurkitutako irregulartasunak eta Udaleko langile bati egindako jazarpena.

Polok berriz, edanda gidatzen harrapatu zutelako dimititu zuen eta otsailaren 10ean epaituko dute.

Sheriffen gisa Hiri Buruzagian

Santamaria eta Polo Iruñeko segurtasun indarren arduradun izan diren urteetan hainbat istilurekin izan dute zerikusia.

Besteak beste, 2004an Euskal Jai gaztetxea hutsaraztean Udaltzainek erakutsitako jarrerak zeresana eragin zuen.

Eguzki Bideoak kolektiboak egindako erreportaje honetan (18:22tik aurrera) ikus daitezke eraikinean iraun zuten herritarrak kanporatzeko erabilitako bortizkeriaren ondorioak.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!