Haserre aurpegiko kilikia irudikatzen duen kartel bat aukeratu dute aurtengo San Fermin jaiak iragartzeko kartel ofizial gisa. David Alegria diseinatzaile tuterarra da "I want you for San Fermin" (Sanferminetan nahi zaitut) izeneko kartelaren egilea.
AEBetako gobernuaren sinbolo ezaguna zen Osaba Sam irudiarekin txantxa egin du, haren tokian, Caravinagre kilikia jarriz. Hatz erakuslearekin, berriz, jaian parte hartzeko desafioa botatzen dio ikusleari.
Solasaldi Grafikoan, Patxi Huarte, Zaldi Eroa marrazkilariari kartelaz galdetu diogu. “Ez zait gustatu”, erantzun digu, eta kartelari buruz zenbait gogoeta egin ditu.