Joan-etorriz gainezka dago gaur egunkaria. Badago datorrenik eta joan doanik, itzuleran dena eta luza gabe joango direnak, eta badaude bidali dituztenak ere.
Argazkirik deigarriena eta esanguratsuena Sarkozy badoanekoa da. Bera bakarrik, kamerei bizkar emanda, aurpegia eskortzoan, begirada beherantz, eta gorputza ere abailduta. Gizona bere bakardadean, entzun berri dituen “merci!, merci!” oihuek ere kontsolatzen ez dutela. Bost urteotan ikusi dugun Sarkozy ziur, tinko eta harroaren ifrentzua.
Haren ordez datorren Hollande, presidentetzako lehen jarrera eta keinuak entsaiatzen dabil. Irribarre betean behin, eskua altxa eta ongietorri agurra egiten bestean. Karisma gutxiko gizona dela errepikatu da behin eta berriz. Karisman falta zaiona agindu duen Frantziako eta Europako aldaketan jartzen badu, bejondeiola.
Itzuleran Putin dator, Kremlinera, Medvedevek lau urtez gorde dion presidentetzara. Tsarren tronu gelan ospatu du itzulerako zeremonia, pertsonaiaren parodia egin nahiko lukeen filmaren estilorik puruenean.
Basagoitik eta Lopezek eskaini dituzte azkenaldian argazki eta telebista irudi adierazgarrienetakoak. Bata bestearen ondoan egon eta elkarri begiratzeko imintziorik ere ez, badaezpada, txinparta piztu eta tentsioa leher ez dadin, eskolako patioko liskarren pare. Halamoduz hasitakoaren bukaera.
Artxiboko argazkian ageri dira Aralarretik bidali dituzten hiru legebiltzarkideak, Erostarbe, Ezenarro eta Basabe; bidali bai, baina joateko itxurarik ez dutenak. Protokolo arazoa besterik ez balitz, gaitz erdi.