Aitor Etxarte: Athletic: kluba baino gehiago

Euskalerria Irratia 2012ko mai. 8a, 07:45

Afektuak gizarteratzen gaitu. Azken urte hauetan familiarako balio du, lehen ez bezala, maitasunak osatzen duelako bertakoen lotura nagusi. Sindikatu edo alderdi politikoentzat balio du, esandako diskurtsoen gainetik pertsonaia ezagunekiko lotura edo bilkuretan sortzen den emozioa oinarri dutelako.

Erlijioetarako balio du, inoiz baino gehiago, barne sentimenduetan oinarritzen direlako. Lagunen koadriletarako jokaera egokia da, iritzi eta bizipenen gainetik, estimu lausoak baloratzen direlako. Aberrietarako ezinbestekoa da, proiektu zehatzen gainetik, aldekotasun afektiboak mugi arazten direlako. Jaien eredu normalizatuan bihotza da hasiera eta helmugan: txupinazoaren emozioa, entzierroaren emozioa, gaueko kontzertuaren emozioa, peñakideekiko emozioa.

Futbolak afektuen bidean jarritako beste mundu bat da. Ez du ezer berririk eta horregatik bihurtu da arrakastatsu neurririk gabe: “bihotzaren” garaietan garelako, kontsumoko foiletoen sasoia delako gurea, errelato dramatizatu nagusia bihurtu da, kapituluka garatzen dena, heroi eta doilorren borrokak kontatzen zaizkigulako, bukaera jakin gabea delako, aberriaren itzala duelako.

Manuel Delgado antropologoak dio “protestantismoak Europan intimitatearen mitoa inposatu zuen eta ordutik emozioak izan dira jokaera zintzo bakarrak. Bihotzaren garaipen honek buruak eta gorputzak ordaindu dute. Horrela, dena gure sentimenduetara bideratzen da, ezer gutxi inteligentziara”.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!