Patxi Zubizarreta: Aspaldi handian

Euskalerria Irratia 2012ko mai. 7a, 16:41

Eta hara non, egunsenti gorrizta batez, hominidoa haitzuloko sarreraraino joan, eta atzealdeko bi hanken gainean altxatu zen.  Eta, ezer baino lehen, begiak lurrerantza zuzendu zituen, eta lurra ohi baino urrunago ikusi zuen, eta bertikaltasun ezohiko hark halako zorabio gozo bat eragin zion. Guztiarekin, sudur zulo zabalduetara berdin-berdin iristen zitzaion ibaiaren hezetasuna, edota harpe barneko taldekideen zurrungak; eta bere begi ezin zabalduagoetan eguzki goria islatu zen, eta glaziarraren mihia inguratzen zuen elurretan animalia saldo izutiak nahiz izutuak bistatu zituen, lerroz lerro edo hara-honaka zebiltzanak. Berak, baina, utzi egin zion behingoz atezuan egoteari, kirioak erne eta teinkaturik edukitzeari —kasik uneoro egon ohi zen adi, larri, batera edo bestera erreakzionatzeko gertu—, eta kontrara, halako zorion bulkada bat sentitu zuen bere baitan, hala nola sentitu ohi zuen beste taldekideren batek sutsuki besarkatzen zuenean. Eta hominido hark, oin izandako bi esku eta hamar hatz haiek deskubritu berritan, pozarren eta alegera, haitzuloko hormak marraztu zituen eta, piztia bat ehizatutakoan, haren bihotza odol jario jan ostean, dantzan eta esku zartaka ibili zen, eta, ororen buru, musika nota batzuk atera zizkion hodi gisako hezurño bati.

Eta hara non, ilunabar azulean, hominidoak zeruaren deskubrimendua egin zuen. Begiak lurraren pare erabiltzera ohitua, liluraturik geratu zen zeruaren kupula azkengabearen aurrean, edota ordurako dirdaika ari zen Artizarraren azpian. Baina burua altxatzearen altxatzeaz lepoko mina egin zitzaiolarik, aurpegia atzera lurrerantza jaitsi, eta ahoa ahotsez betetzen ari zitzaiola nabaritu zuen, eta hotsak uholdeka zetozkiola: a, o, aba, oba, amm; eta laster: u, ur, urg, lug; halako batean, ostera, txilio gisako haiek hitz bilakatu ziren, gutxi-asko bokalizatutako hitza: lur, eta hatz erakusleaz bere oinak sostengatzen zuen behealdea seinalatu zuen; orduan atzera berriro errepikatu zuen lehen hitz oinarrizkoa: lur. Hatza aurreragoturik, urg, gur, ur esan zuen errekasto bati begira; eta ez, zeu, hezur atera zitzaion piztia txikituaren hezurdurei begiraturik; eta ur, zug, zur esan zuen zuhaitz baten enborra begiz jotzean; eta el, ur, elur esan zuen lehen malutak inguruka hasi zitzaizkionean; eta, akaberan, burua berriro jaso zuelarik, urg, urt, urtzi esan zuen. Irri firfira bat atera zitzaion orduan, eta eskua uretan sartu zuen, eta, hezur bat harturik, zuhaitzaren enborra jo zuen, ttakun-ttakun-ttakun, eta elur zati bat ahoratzean ito egin zituen hitz berri haiek guztiak. Goizean bertikaltasunarekin nola, halatsu sentitu zen orain, hots izandako hitz haiekin liluratua. Urg, geur, eus jarraitu zuen ahoko elurra urtzean, eta, lasaiago, jostarinago: eurk, urik, errik; eta, pozarren eta alegera, amalur esan zezakeen arren, euskal herria atera zaitzaion, ezin garbiago ebakia, eta, hominido errukarri arduragabe halakoa ez zen ohartu ere egin sortu berria zuen kalapitaz edo nahasmenduaz.

Argazkia: Thomas Canet. "Joan" nobelatik hartua

 

 

 

 

 

 

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!