EGA titulua lau jogurt estalkiren truke oparituko dute
Eroskiren marka zuriko lau jogurt estalkiren truke EGA titulua oparituko du Eusko Jaurlaritzak, Blanca Urgell Kultura sailburuak iragarri duenez. Homologazio modu berri hau 2012-2013 ikasturtean jarriko dute indarrean. Urgellen arabera, “jogurt horiek erosten dituztenek euskalduntzeko ahalegin handia egiten dute; izan ere, etiketetan informazioa gazteleraz ez ezik euskaraz ere badakarte. Eta ahalegin horrek tituluaren aitortza merezi du, azterketarik egin behar izan gabe”. Gogoratuko denez, aurretik ikasketak D ereduan egiten dituztenei EGA titulua homologatzeko erabakia hartu zuen Urgellek. Orain, bide horretan urrats gehiago egin nahi ditu bere departamentuak, baina kontrako norabidean. “Egun gehiago dira DBHko titulua eskuratzen duten pertsonak, EGA titulua jasotzen dutenak baino. Horrek agerian uzten du zailagoa dela EGA ateratzea DBH gainditzea baino. Hori horrela, EGA ateratzeko ahalegin horrek DBHko tituluaren aitortza merezi du, azterketak egin behar izan gabe”, azaldu du sailburuak. Neurri horiek guztiek euskaltegietan zein ikastetxeetan diru asko aurrezteko aukera emanen dutela gaineratu du Urgellek.
Jaurlaritzaren aurkako helegitea aurkeztuko du Jaurlaritzak
Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren aurrean Eusko Jaurlaritzaren aurkako helegitea aurkeztuko du Eusko Jaurlaritzak. Hasiera batean, asmoa zen bakarrik Espainiako Gobernuaren murrizketen aurkako helegitea aurkeztea, “autogobernuaren eremuan” sartzen direlako, eta “berdintasunaren irizpidea” urratzen dutelako. Haatik, Jaurlaritzak dagoeneko Espainiako gobernuaren hainbat murrizketa onartu ditu, eta Lakuan Jaurlaritzaren murrizketa horien aurka ere egitea erabaki dute. PSEk dio murrizketok onartu behar izan dituela aginteari eutsi ahal izateko ezinbesteko sostengua ematen dion PPk horretara behartu duelako. Eta hartara Jaurlaritzak murrizketok onartzearen errua ez dela PSErena baizik eta PPrena. Horregatik, sozialistek zilegi deritzote Eusko Jaurlaritzaren alde argitsuak (PSErenak) Eusko Jaurlaritzaren alde ilunak (PPrenak) harturiko neurrien aurka helegitea aurkezteari. “Jaurlaritzaren defentsan Jaurlaritzaren aurka egin behar izan dugu”, azaldu diote Patxi Lopez lehendakariarengandik gertu dauden iturriek (Ajuria Eneko lorategikoek edo) Serio Demoniori. “Helegitearen bitartez argi utzi nahi dugu guri eskandaluzkoa iruditzen zaigula mezu xenofoboak zabaltzen dituen eta lehendakariari Homer Simpson esaten dion Basagoiti bezalako pertsonaia batek baldintzatzea Eusko Jaurlaritzaren politika”, gaineratu dute.
1512an Nafarroa konkistatu zutela aitortu eta orduko legeria onartu du foru Gobernuak
Aste honetan, Twitter-en oihartzun zabala eduki du Mikel Belasko toponimia adituaren 1512ko konkistari buruzko mezu batek. Hartan garai haietan Nafarroako erresumako borreroek zarabilten tarifaren berri ematen zuen. Lepoa moztea: dukat bat. Urkatzea: urrezko florin bat. Zartailuz zigortzea: 12 ezkutu. Eskua moztea: dukat erdia. Belarria moztea: florin erdia. Mingaina iltzatzea: florin bat. Hori ikusita, 1512an Gaztelak Nafarroa konkistatu zuela aitortu, eta garai haietako erresuma zaharreko legeria berreskuratzea onartu du foru Gobernuak. “Oker genbiltzan hura anexioa izan zela genioelarik. Hura konkista izan zela daitorgu. Are gehiago, gure erresuma zahar hartako legeri guztiz nafar eta jatorra berreskuratu nahi dugu”, zabaldu du UPNko gobernuak prentsa ohar baten bitartez. “Guk beti eman izan diogu garrantzi handia gure arbasoen tradizioak mantentzeari. Beraz, zigor klase tradizional eta hunkigarri horiek berreskuratuko ditugu, desobedientzian dihardutenentzat, azken greba orokorrean liskarrak eragitea egotzita atxiloturikoekin hasita: mitina ematen duenari mingaina iltzatuko diogu, lurrean eserita besoak elkarlotzen dituztenei eskua moztuko diegu...”, gaineratzen du prentsa oharrak.
Patxi Huarte Zaldieroak eta JuanKruz Lakastak 2012ko maiatzaren 6an Berrian argitaratua.