Aho-bero nazkante bat iruditzen zaizu Esperanza Aguirre, PPko buru madrildarra. Astebete darama, zein baino zein handiagoa botatzen. Haren azkena gaur goizean irakurri duzu prentsan: “sindikatuak Berlingo murrua bezala eroriko dira”. Eta haserretu egin zara.
Zer fatxa den Esperantza Agirre! Baina oroitu zara atzo maiatzaren lehena izan zela, sindikatuen egun handia, eta bart iluntzeko Teleberrik atzoko manifestazioen berri eman duela, eta aski irudi tristeak iruditu zaizkizula pantailan ikusten ari zinenak, eta zuk zerorrek ere ez duzu manifestazio horietan parte hartu, nahiz eta, printzipioz ados egon, eta Teleberri berak eman ditu Donostiako Paseo Berriko irudiak, eguzkiaz gozatzen ari zen jendez beterik, eta pentsatu duzu hemen zerbaitek huts egiten duela, eta burutik pasatu zaizu ea ez ote den Aguirre dirudien baino zuzenago ari.