Erraldoiak eta dultzaina-jotzaileak ikusi ditut irudian. Baigorrin, Nafarren Egunean. Festa-giroa antzematen da. Eta musika bera ere aditzeko modukoa da.
Ospakizunak ospakizun, aurtengoa data bereziarekin eta borobilarekin etorri da. Agian, esangura bereziarekin. “Mendetan, historia irabazleek idatzi dute”, hala zioen antolatzaileen agiriak.
Eta arrazoi dute. Baina, gure eskuetan da historia egunero idaztea. Itxaropen horrekin egiten da gure artean hainbat eta hainbat ekitaldi. Baigorrikoa ez da salbuespena.
Bi Nafarroak bat diren heinean, hurbilago gara euskaldunak: hangoak eta hemengoak.
Garrantzitsua da historia-liburuetan azaltzen dena, ez da dudarik. Hori bezain garrantzitsua da sinestea historia-liburuetan idatzi beharko litzatekeena, horrela, agian, noizbait idatziko baita gogoko duguna.