Laura Mintegi: Gernika

Euskalerria Irratia 2012ko api. 27a, 09:36

Gaur, gaur da eguna. Egunotan ikusten eta entzuten ari garen guztietatik deigarriena da entzutea orduko umeen testigantza (gaur aiton-amon edadetuak direnak), eta ahozgoran entzutea, ez bakarrik geuk, entzule anonimoak, baizik eta beren ilobek ere lehengoz entzutea etxeetan isildu diren kontuak.

Gure aita bizirik balego, berak ere esango zidan gaur, akaso, bizitza osoan kontatu ez zidana eta, jakinahian, neronek ezagutu izan nuena, han hemenka galdetuta.

Nola ezkutatzen ziren estoldetan, nola ateratzen zen gabaz oiloak lapurtzera, eta nola galdu zuten zeukaten guztia. Nola egon zen hilabete luzetan aita ikusi gabe, Iparraldera alde egin behar izan zuelako. Nola gelditu zen ama bakarrik sei seme-alabekin. Nola elkartu zen familia osoa, hilabete luzeak pasa ostean, Hendaian, eta nola gelditu zitzaion betiko iltzatuta Lapurdiko itsasoa begi-ninietan.

Eta handik bueltan, etxea eta ondasunak Falangerenak izatera pasatu zirenean, nola hasi behar izan zuten hasiera-hasieratik, ezertxo ere ez zeukatela.

Agian azalduko lidake zergatik ez zidan erraztu eskara ikastea 17 urte nituela ikasi nahi nuela esan nionean, eta zergatik esan zidan hobe neukala ingelesa ikastea, nork eta berak, 1933tik 1936ra Euskal Eskola Publikoan euskara hutsean ikasi zuen mutikoa izanda.

Baina, inoiz ez zidan honelako ezer kontatu, seme-alabei ebitatu nahi izan zigulako jasandako mina. Eta hitzez haserre azaltzen den bitartean, euskara ikasteko tematuta nengoela ikustean, harrotasun izpi txikia nabaritu nion begien sakonean, distira bat hor nonbait, gerraren horrorea ez trasmititzeko ahalegin tinkoa egin arren ezin izan zuelako ebitatu hizkuntzarekiko maitasuna trasmititzea.

[PowerPress]

Oharra: 2012ko apirilaren 26an, ostegunarekin emititua.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!