Astelehenan bezala liburuak karrikan ikustean, mahaira hurbildu eta gehienetan begirada bat ematen diogu libururen bati. Hor ikusitakoa gustukoa izanez gero, erosi eginen dugu. Bestela, utzi eta besteren bat aukeratuko dugu.
Baina badira derrigorrez erosi beharreko liburuak, gainbegiraturik behar ez dutenak, bakoitzaren idazle gogokoen liburu berriak.
Asteburu honetan jakin nuen Sanchez-Ostiz iruinsemeak bere dietarioaren ale berria karrikaratua zuela. Aurrekoen gozamena gogoan, presaka joan nintzen saltokira. Eguneko deskontua egiteaz gain, lore bat ere eman zidaten. Etxera heldu eta sofan etzanda, gehienetan kasurik merezi ez duten egilearen datuak ere irakurri nituen, eta baita kontrazaleko testutxoa ere. Agian, barnekoa irakurtzen hasteko unea atzeratzeko, gauza jakina baita plazer batzuek, hala sexuak nola irakurketak, aurretik giroa behar bezala prestatzea eskatzen dutela.
Eta behin prestakuntza horiek guztiak eginda, iruñarrak Dublinera eraman ninduen, hortxe hasten baitira bi mila eta bederatzigarren urteko oharrak. Gaur gauez beste ordu erdiko oparia eginen diot nire buruari.