Elixabete Garmendia: Krisiak albiste on bat dakar

Euskalerria Irratia 2012ko apirilaren 24a

Argazkia ez da polita lehen begiradan behintzat. Izatekotan, desolazioa arte bihurtzen saiatzen direnei balioko lieke. Hobeto begiratuta, argazkilariak intentzioa jarri duela sumatzen da. Behetik gora kontrapikatuan, burdinazko hiru dorre elektriko ageri dira, bata bestearen atzean, hirurak kablez josita. Eta begiratuaren begiratuz, argazkiari oroimenak jartzen dio doinua, goi tentsioko kableek ateratzen duten zarata monotono sarkor hori.

Argazkiak albiste on bat ilustratzen du oraingoan. Izenburuak honela dio: “Krisia dela tarteko, Madrilek eten egin du goi tentsioko bi lineen tramitazioa”. Bi lineak Ezkio-Itsaso zuten helmuga, batak Deikaztelutik abiatuta eta besteak Gueñesetik. Argindar kontsumoa jaitsi delako, bi linea horiek beharrezkoak ote diren zalantzan omen dago.

Behingoz, krisiak albiste on bat dakar, beraz. Krisiak esku bat bota die, oraingoz, bi linea horien aurka mugitu direnei, bi linea horien beharra auzitan jarri dutenei. Eta mugitu ez arren, bi linea horien zama jasan behar zuten 172 herrietako biztanleei.

Lineaz linea, dorrez dorre, kablez kable… belar motzagoetan bizitzen ikasteko lezioa.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!