Gaur ere ia ez dago beste solasgairik: zerbitzu publikoen murrizketa. Bata bestearen atzetik datoz, erreakzionatzeko tarterik ere ez dugu ia. Sendagaien berrordaintzeaz Nafarroako alderdietako ordezkariek esan dutena jaso dugu. Baina murrizketen aurka egin zen greba orokorraren haritik datorren albistea ere ezagutu dugu: hamabi lagun atxilotu ditu Iruñean Espainiako Polizia Nazionalak, eta atxiloketa gehiago etor litezke. Ateak ireki webguneak eman du informazioa. Zazpi atxiloketa baieztatu ditu, baina dio gehiago izan litezkeela. Mobilizazioak iragarri dituzte atxiloketon aurka. Bi hari horietatik heldu nahi izan diogu goizak gurean utzi duenaren kronika osatzeko.