Dialektikaren tranpan erortzea erraza da. Ohartu gabe erori egiten gara. Titular handin eta erakargarriak irakurtzen ditugu, eta maiz, hitzen atzetik deus ez dagoela jabetu ere ez gara egiten. Hutsalak izaten ari dira azken egunotan Rodolfo Ares Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuaren adierazpenak. Hitzen atzetik ezer ez dagoelako. Mamirik ez. Edukirik ez.
Iñigo Cabacasen heriotzaren erantzukizun politikoa bere gain hartzen duela esan du Aresek. Erantzukizun politikoa bere gain hartzeak zer esan nahi duen ez du azaldu, ordea. Edonork ulertuko luke dimisioa emateko asmoa duela. Baina ez. Praktikan, beraz, zertan gauzatzen da erantzukizun politikoa bere gain hartzea? Tranpa egiten ari da Ares, kontzientzia garbitzeko ariketa ziztriña eginez, nahita, jakitun bere hitzek titularrak lortzeko balio dutela, besterik ez.
Dialektikaren tranpa. Tranpa baita esatea 2013tik aurrera Ertzaintzak gomazko pilotak erabiltzeari utziko diola. Tranpa berriro. Ez baitio erabiltzeari utziko. Komisaldegietako ertzainek ezin izango dute pilotak botatzeko eskopetarik erabili, baina brigada mugikorrek eta bereziek, ordea, erabiltzen jarraitu ahal izango dute. Alegia, gaur egun bezala. Mezuarekin beste ariketa zitala egin du Aresek, nahita.
Ertzaintzak hil zuen Iñigo Cabacas gaztea. Eta Aresek esan du barne ikerketa abiatu duela erantzukizunak zuritzeko. Plaka zenbakiak eta aurpegiak ezkutatatzeak ematen duen inpunitatea zuritu nahi du, ordea. Baina herritarrok ez dugu hori nahi, herritarrok jakin nahi dugu ea Cabacas hil zuten agenteak zerbitzutik kanpo utzi dituzten jada, edo egun batzuetan kalera irtengo diren berriro gomazko pilotak jaurtitzera. Tranpa gehiagorik ez dugu nahi. Baina tranpan erortzeko arriskuan gaude.