Kronikek diotenez, gure errege Antso Azkarra Orreagako mendietara joan zen halako batean. Ehizaldi hartan, hiru-lau hartz, dozena erdi otso, zenbait orein eta basurde andana bat bota omen zituen. Antso Azkarrak, ehizaz aparte, bertzelako zaletasunik ere bazuen. Historiagileak ez dira ados jartzen ezkontzatik kanpo zenbat seme-alaba izan zituen, ezta zenbat emakumerekin ere.
Antso Azkarrak Gipuzkoa eta Araba galdu zituen, eta Navas de Tolosako espedizio loriotsu bezain negargarrian parte hartu zuen. Erregeak historikoki ehizan eta larrutan eman dituzte beren onenak, eta beude horretan, politikan aritzen direnean makurragoak izaten direlakoz gehienetan. Juan Carlosek, beraz, Euskal Herrian ere erroturik zegoen tradizio zahar bati baizik ez zaio lotu.
Diferentzia bakarra, orain badakigula eta kristorenak eta bat bota ditzakegula horren kontura. Zerbait irabazi dugu Antso Azkarraren denboretatik hona. Historiak erakusten digu errepublikak krisi ekonomikoak ekartzen dituztela hemen. Ea oraingoak, hainbertze ezbeharren artean, opari horixe uzten digun.