Elixabete Garmendia: Estilo koloniala

Euskalerria Irratia 2012ko api. 18a, 08:27

Estilo kolonialaren oihartzuna dakar jangela minimalistak, agian Colombiako Cartagenako argitasuna islatzen duelako barruan. Zerbitzari ugarien kasaka zuri edo gris argiek ere laguntzen dute giro hori azpimarratzen. Zuriak dira mahai-zapiak eta zuri daude oraindik kopak, urarenak bakarrik beteta, ardoarenak zain.

Mahai buelta borobilean sei presidente, horietatik hiru emakumezkoak. Dilma Roussef brasildarra begirada han nonbait, argazkitik kanpo dagoen punturen batean galduta; Laura Chinchilla Costa Ricakoa ezker eskuko azkazalei begira, manikurakoa den jarreran. Cristina Fernandez argentinarra ari da mintzatzen, eta haren hitzak itzultzen gizonezko gazte bat, interpretariak beti agertu ohi diren modu diskretoan. Fernandezen diskurtsoa eta interpretariaren itzulpena Hillary Clintoni zuzenduta doaz.

Enegarren aldiz ari ote zaio esaten Fernandez Clintoni hurrengoan ez dela izango Amerikako Estatuen Erakundeko bilerarik Kubarik gabe? Oraingoan bakarrik geratu omen dira Estatu Batuak eta Kanada Kubarekiko betoari eusten.

Atzo, beste argazki batean, Obamaren esku beltzarana, Fernandezen esku zurien gainean ikusi genuen, “zu lasai” dioenaren keinua eginez. Zeri buruz lasai? Kubarengatik? Edo agian aurreratu zion Fernandezek zerbait Argentinara itzuli eta bota asmo zuen hordagoaz?

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!