Aldiriko bortxa jasotzen du Nabarreriak. Erloju zaharraren penduluen eran dator eta doa, eta doanean datorrela iragartzen du. Elizkizun katoliko nagusien kontura, besteak beste, gertatzen da. Pazko inguruan paroxismoraino. Orduan Beste absolutuak auzoa bortizki bahitzen du bere munstrokeria, ankerkeri eta liturgiaz araua ezarriz.
Nazionalkatolizismoaren garaietan dena geldiarazi eta izua sortzeko etena gauzatzen zen kaleetan: derrigorrezko isiltasuna, megafonia katedralaren inguruan, fanatiko mozorrotuak kaleetan, balkoiak unibertsalki palmaz eta oihalez beterik.
Oraingo normalitateak beste osagaiak ditu: aurreko egunetan prozesioaren bideko zuloak berdindu, ormetako pintaketa eta graffitien gainean partxe grisak edo kremak zabarki bota, kaleak bi eta hiru aldiz jarraian garbitu eta ureztatuko dituzte, beti ere, Simonen apostoluen begiradapean. Arratsaldean agertuko erromatar irrigarriak, idolatren dituzten irudi sado-masokistak eta, serio itxura eginez, zientoka alien argizarijale urteroko errituak errepikatzen, beraien nagusitasuna auzoari erakutsiz.
Munduko alien zapaltzaile guztiek erlojuaren penduluaren modura gogoratzen digute orain bai, gero ere bai, norena den espazio-ontzia, nork agintzen duen.
David Harveyk idatzi du “tokiz tokiko ikusmiran, mundua esfera bat da toki zehatz batean zentratua.”