Soinua bakarrik falta zaio argazkiari. Ertz batean animoka ari diren zaleen oihuak. Helmuga eskuin besoa altxatuta eta garrasi batean gainditzen ari den irabazlearena. Eta bizikletek ateratzen duten beste zarata apal hori, intsektuen hegaldien parekoa.
Lehia bizia adierazten du argazkiak, baina egunkariaren azaleko irudi nagusia hau izateak bakea dakar eta bizipoza dario. Gainera berri onen mezulari da argazkia: Aste Santua hasi da,
oporrak hortxe daude… Eta Euskal Herriko Itzuliak beti ekarri ohi duen euria ere gustuko albistea izango da askorentzat.
Normalean ez bezala, kiroletako orriei jo eta pasa egin gabe, geldialdi bat eskainiko diegu gaur. Andoni Egañaren garai bateko kronikak falta, hori bai; Euskal Herriko Itzuliaren segizioan joateko gogo bizia pizten zuten haiek. Astarlozarena, bizikleta gainetik egina, proposamen eta guzti dator, atez ateko zabor bilketarena aprobetxatuz, lasterketetan ere zaborra zentzuz biltzearen alde. Sailkapenean bilatuko dugu herritarra, Gorka Izagirre, eta hortxe, zortzigarren postuan ikusita, poza.
Pena, ezin izango dugula harrapatu Itzuliaren etaparik parean. Ze bidegurutze batean derrigorrean geratu behar izanda ere, txirrindulariak pasatzen ikusteak emozioa pizten digu oraindik, umetan bezala. Hor ikasi genuen aupa eta animoak ematen baita erratzaren aurretik azkena zihoan karrerista anonimoari ere.