Organismoak substantzia baten aurrean ematen duen gehiegizko erreakzioa omen da alergia. Definizioa akaso ez genuen ongi ezagutzen baina ia denok izaten dugu noizean behin, neurri batean edo bestean, gorputzak ematen duen halako erantzun kaskar bat gauza batzuen aurrean. Bada, alergia horien gaineko gogoeta eginda, hiru motatako alergiak desberdinduko nituzke nik, nahiz eta, esan gabe doa, inolako ezagutzarik ez dudan osasunaren arloko kontuetan.
Lehen mota, onartzeko moduko alergiak dira: adibidez, ni ez naiz ongi moldatzen hautsarekin. Eta saiatu naiz, askotan pilatzen baitut hautsa etxeko zoko-moko guztietan baina ez dago modurik, gorputzak ez du onartzen apopilo hori, eta doministiku eginez aditzera ematen dit hautsak harrotzeko eta garbitzeko unea heldu dela.
Baina tira, hautsari edo akaroei izatea alergia ez zait oso larria iruditzen, baina beti pena pixka bat eman izan didate, esaterako, polenari edo animalia batzuei alergia dieten pertsonek.
Horiexek dira bigarren motako alergiak, gogaikarri samarrak direnak: udaberria etorri zaigun honetan, loreak, bizipoza eta berdetasuna sumatuko da laster bazter guztietan, eta gaixo gutxi batzuk zapia sudurretik urrundu ezinean ibiliko dira denbora guztian; edo alergia izatea katuei, eta ezin sentitzea haren urruma bere azal leuna laztandu bitartean; edo alergia izatea eztiari edo txokolateari, eta ezin dastatzea zapore gozo horiek. Alergia gogaikarriak, ezta?
Eta zein da hirugarren mota? Bada alergia eragiten duten alergiak. Eta horiexek dira denetan penagarrienak. Nafarroako agintariek euskarari dioten alergia da klase horretakoa, aldi berean, euskaldunoi ere alergia eragiten diguna. Baina tira, guk geurea, eta euskara bera dugu sendabide. Euskara bera eta euskarazko komunikabideak, noski. Eutsi, eta udaberri on, lagunok!