Euskalerria Irratia: aukera ON!

Euskalerria Irratia 2012ko martxoaren 29a

Komunikazio proiektu berria aurkeztu du Euskalerria Irratiak. Lizentzia lortzea jo puntuan,bazkide gehiago lortu nahi ditu.

Komunikazio proiektu berria aurkeztu du Euskalerria Irratiak gaur, Iruñeko Puerta del Camino Hotelean, Nafarroako gizarte zibileko hainbat ordezkari lagun zituela.

Iruñerriko irrati euskaldunak “Aukera ON” goiburuarekin kanpaina antolatu du. Helburua, irailean hurrengo denboraldia hasten delarik, irratiak egitura, lan egiteko molde, produktu berriak edukitzea. Hori guztia emititzeko baimenarekin egitea. Eta horiek guztiak bideragarri egiteko bazkide gehiago lortzea.

Euskalerria Irratiak 800 bazkide ditu. Irratian musu truk aritzen diren 200 kolaboratzaile. Gizartean ederki erroturiko proiektua da, etasustengu horiek guztiak eta gehiago dantzan jarri nahi ditu kanpainaren bitartez, orain hasi eta Sanferminak arte.

Konparaziora, datorren astean irratiaren aldeko bideo bat zabalduko du. Hartan hainbat pertsona ezagunek hartu dute parte. Besteak beste, lerroon ondoak ageri den Patxi Puñal futbolaria.

Une erabakigarria

Nafarroako Gobernuak Iruñerrian bi irrati lizentzia banatzeko lehiaketa abian jarri du. Komunikabideen mundua aldaketa prozesuan dago. Euskalerria Irratiak datorren denboraldian 25 urte beteko ditu. Hori horrela, Irratiko zuzendari Mikel Bujandaren arabera, “Irratiak aspaldiko unerik garrantzitsuena bizi du”.

Lizentzia irabaztera

Bujandaren iritziz, “Gobernuak prestaturiko baremoa gure neurrira egina ez den arren, proiektu sendoa prestatzen ari gara, eta irabaztera joko dugu”. Are gehiago, Bujandaren hitzetan, “Euskalerria Irratiak lehiaketa irabaziko du, arrazoia gure alde daukagulako, baina garaipen hori aitortuko diguten ikusi beharko da”.

1998ko lehiaketaren lehen fasean, Euskalerria Irratiak puntuaziorik onena lortu zuen. Eta bigarren fasea baliorik gabe utzi zuten epaileek. Azken ebazpena oraindik emateko dago.

Bujandaren arabera, une erabakigarri hauetan, “irratiak inoiz baino gehiago behardu herritar adiskideen laguntza”. Izan ere, lizentzia lortuko balu, “bide berria hasteko bultzada beharko luke”. Eta lortuko ez balu, “laguntza ezinbestekoa izanen litzaioke”. “Irratia tresna da, baina garrantzitsuena helburua da: euskararen erabilpena Iruñerrian, hizkuntza bizia, erabilia, funtzionala izan dadila. Eta lizentzia, laguntza eta berritzea horretarako behar ditugu”, gaineratu du.

Erreferentzialtasuna irabaztea helburu

Urrian hasitako plan estrategikoa amaitzen ari da irratia. Ekaina bitartean, irratiko bazkideen, kolaboratzaileen eta lagunen ekarpenak bilduko ditu. Eta urritik aurrera horiek guztiak martxan jarriko dituzte.

Dagoeneko bi ardatz nagusiak argi dituzte. “Lehena, euskaldunen hizkuntza komunitatearentzat zein gizarte zibilarentzat erreferentzialak izatea da”, azaldu du Juan Kruz Lakasta irratiko kazetariak. “Gure topagune, elkargune, eztabaidarako gune izaeran sakondu nahi dugu, bizi dugun egoera ekonomiko, sozial eta politikoan oso rol garrantzitsua joka dezakegulakoan baikaude. Bai sakabanaturik bizi garen euskaldunontzat. Baina Nafarroa ofizialaren berri ez ezik, Nafarroa errealaren berri ere jaso nahi dutenentzat”.

Lan estrategikoaren bigarren ardatza, komunikazioaren munduan gertatzen ari diren aldaketetan ere erreferente izatea. “Erredakzioen integrazioa, sinergiak, bat egiteak. Hitz potolo asko bolo-bolo dabiltza, eta erronka horiei guztiei aurre egiteko, eta horiek zentzurik onenean baldintzatzeko, Iruñerriko euskaldunak komunikabide erreferentzial sendo bat behar dugu”, azaldu du Lakastak.

Webgune berria, abiatzear

Irratia dagoeneko bide horretan lanean ari da. Webgune berria jartzen ari da martxan, irratia zuzenean (on line) zein diferituan (pod-casten bitartez) entzuteko aukera eskaintzeaz gain, topagunea ere badena, hainbat talderen edukiak, zerbitzuak eskaintzen baititu: AEK, IKA, Eusko Ikaskuntza, Berria, Nafarroako Hitza, Karrikiri, Eguzki Bideoak, Bertsozaleen Elkartearena, oraingoz. Webgunea, euskalerriairratia.com, bi aste barru aurkeztuko dute, dagoeneko beta bertsioa zabalik badute ere.

Bazkide berriak, ezinbestekoak

Irratiak hiru finantzazio bide ditu: publizitatea, erakundeen diru laguntzak eta bazkideen ekarpenak. Euskalerria Irratia Elkarteko buru Kike Diez de Ultzurrunek azaldu duenez, “bistan da oro har euskal komunikabideei doakienez, bai publizitatea baita diru laguntzak ere behera egiten ari direla, eta hori horrela inoiz baino garrantzitsuagoa da bazkideen ekarpena”.

Euskalerria Irratia Elkarteak 800 bazkide ditu, hasieratik irratiaren garapenean oinarri garrantzitsua izan direnak. Bai ekonomikoki, baita sozialki ere. Hedabide gutxik dauzkate 800 pertsona laguntzeko prest, edo 200 lagun saioetan musu truk kolaboratzeko prest. “Horrek agerian uzten du gurea irrati berezia dela, gizartean ederki erroturik dagoena, eta denon bultzada merezi duena.

Gizarte zibilaren ordezkaritza zabala

Nafarroako gizarte zibileko hainbat ordezkarik parte hartu dute ekitaldian. Euskalgintzak ordezkaritza zabala izan du: Patxi Salaberri (Euskaltzaindia), Helios Del Santo (AEK), Sagrario Aleman (IKA), Oskar Zapata (Topagunea), Silvia Alonso (Karrikiri), Koldo Martinez (Euskara Kultur Elkargoa), Goio Monreal (Eusko Ikaskuntza), Iñaki Andueza (NIZE), Aitziber Larrea (Sortzen-Ikasbatuaz), Peio Mariñelarena (Nafarroako Ikastolen Elkartea).

Kultur munduko aurpegi ezagun ugari ere elkartu dira hotelean: Angel Erro eta Aingeru Epaltza idazleak; Patxi Huarte Zaldi Eroa marrazkilaria; Iñaki Lazkoz margolaria; Fermin Erbiti, Urko Aristi eta Aritz Agirre kazetariak; Roldan Jimeno historialaria.

Alderdi politikoei doakienez, han izan dira Uxue Barkos (NaBai) eta Sabino Cuadra (Amaiur) diputatuak.

Hiru alkate: Berriozarkio Xabi Lasa (NaBai), Atarrabiako Kirio Gastearena (Bildu) eta Agoizko Unai Lako (Bildu).

Nafarroako Parlamentutik: Patxi Zabaleta, Manu Aierdi eta Patxi Leuza (NaBai); Bakartxo Ruiz (Bildu); Marisa Simon eta Txema Mauleon (Izquierda-Ezkerra).

Iruñeko Udaletik: Aitor Lakasta (NaBai), Eva Aranguren (Bildu) eta Edurne Egino (Izquierda-Ezkerra).

Hainbat sindikalistak ere parte hartu dute ekitaldian: LABeko Expe Iriartek, ELA Mitxel Lakuntzak eta EILAS Amaia Zubietak, besteak beste.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!