Patxi Zubizarreta: Laranjak vs masustak (munduari begiratzeko bi molde)

Euskalerria Irratia 2012ko mar. 22a, 19:29

Patxi Zubizarreta

Laranjak vs masustak (munduari begiratzeko bi molde)

Miseriarena

Aspaldi samarrean, hiri baten kanpoaldean, Miseria izeneko gizon xahar pobre bat bizi zen. Etxola ere xaharra zuen, baina atarian oso ale ederrak ematen zituen laranja arbola bat zeukan. Zorigaitzez, zuhaitz eder hura hirirako bide ondoan zegoen eta bidaiari askok  —toju, toju, toju…, barkatu; ezin dut erre, baina tabakoari ere ezin utzi—, bidaiari askok laranjak lapurtzen zizkioten.

 

»Egun batez, san Pedro etxola ondoan gelditu zen, bideak nekatua. Miseria probatzearren, amona errukarriaren itxurapean, santuak jateko zerbait emango ote zion galdegin zion: ‘Zuhaitz hori besterik ez dut, baina hortik nahi duzuna hartzen ahal duzu’, Miseriaren arrapostua.

 

»San Pedrok laranja gozo batzuk dastatu, eta saritzat zer nahi zuen galdegin zion Miseriari: ‘Nik laranjaondoaren fruituekin aski nuke bizitzeko, baina hemendik igarotzen diren askok eta askok bat ere gabe uzten naute. Hara: atsegin nuke laranjak lapurtzera datorrena zuhaitzean itsatsia geratzea eta, nire baimenik gabe, handik jaisterik ez izatea’. ‘Hala izan bedi’, esan zion santuak agurtzearekin batera.

 

»Biharamunean zaldikotxe bat igaro zen, hirira bidean jaun bat eta haren alaba zeramatzala. ‘Aita, zein politak diren urrezko sagar horiek! Bat nahi nuke’, tematu zen neskatila.

 

»Jaunak gidariari bat hartzeko agindu zion, baina zuhaitzetik jaitsi nahi izan zuelarik, josi-josirik geratu zen. Jaunak itzultzeko agintzen zion, baina morroia ezin bada handik jaitsi. ‘Jauna, arbola xarmatua dago; adarretan tinkatua nauka’.

 

»Jauna saiatu zen, baina hura ere gidaria bezalaxe geratu zen: zuhaitzetik jaitsi ezinik. Eta etxolaren atetik, ezkutuan, Miseria kur, kur, kur irriz ari zen. Gero, diru apur baten truke joaten utzi zien.

 

»Egun batez, Herioak jo zuen Miseria gaixoaren atea. ‘Joateko ordua duk. Presta hadi!’. Orduan, Miseriak: ‘Ez izan halako presarik’.

 

»Herioa sumindurik zegoen eta etxolatik lehenbailehen irteteko agindu zion Miseriari. ‘Joan aurretik laranjatxo bat jan nahi nuke’, eskatu zion agureak apal-apalik.

 

»Herioa igo zen zuhaitzera, baina hura ere jaitsi ezinik geratu zen. Haren biraoak eta hitz ustelak! Baina azkenean eztiki eta astiro hasi zen: ‘Miseria, libra nazak hemendik’. Baina Miseriak erantzun zion: ‘Ezta pentsatu ere. Gero ni zurekin eramateko!’ Eta, Heriok, etsia harturik: ‘Ongi duk: hitz ematen diat hik deitzen nauan arte ez naizela bila etorriko’.

 

»Miseriak askatu zuen Herioa eta geroztik ez da itzuli Miseriaren etxolara. Horregatik, esaera da: ‘Mundua mundu den bitartean, miseria bertan izango da’.

 

Maitasunaren masustak

 

Behin batez, Fez hiriko kanpoaldean, izan omen zen neskatxa bat, lerdena gorputzez eta biguna hitzez, gameluzain xume batekin maitemindu zena.

Bien arteko amodioa zeru oskarbiko eguzkia bezalakoxea zen: beroa, biribila, argia... Harik eta hodei konkor ilunek zeruko argizagia ezkutatu zuten arte; antza, handik eta hemendik, kalifak neskaren berri izan eta jauregira eramateko agindu zuen.

Neska beldurturik eta gurasoak bozkarioz beterik, kalifaren aurrera agertu ziren. Orduan hark bertatik bertara ikusi ahal izan zuen gazte hartaz entzundakoak motz geratzen zirela eta nekez aurki zitekeela haren dohainak aditzera emateko moduko hitzik.

Baina neskatxak gameluzain hura gogoan, eta kalifarekin ezkondu nahi ez.

Kalifa hamaika trikimailuz baliatu zen gaztearen bihotza erakartzeko, halakoak eta honelakoak agindu zizkion, baina alferrik. Etsi ez, ostera, eta onez lortzerik izan ez zuena, gaiztoz eskuratzea erabaki zuen: “Zorro honetan bi masusta sartuko ditut, gorria bata, beltza bestea”, proposatu zion, “gorria ateratzen baldin baduzu, gameluzain petral horrekin joango zara, baina beltza ateraz gero, nirekin esposatu beharko duzu.”

Neskatxa atsekabetua negarretan urtzen zen bitartean, azpikeriaz, kalifak bi masusta beltz sartu zituen zorroan. “Ea, atera ezazu bat”, agindu zion irribarre maltzurrez. Eta neskak, Alak gogoa argitu ziolarik, agudo baino agudoago masusta bat atera eta braust! eraman zuen ahora.

Orduan kalifak eskuak burura eraman eta “Halakorik! Zer egin duzu ero horrek?”, galdegin zion. “Ez ziren jateko. Zer egingo dugu orain?” Baina gaztea argia izan eta berehalaxe eman zion arrapostua: “Ez dago zertan kezkaturik. Zuk zeuk esan duzu bi masusta sartu dituzula, gorria bata eta beltza bestea; beraz, zorroan zein geratu den begiratzea besterik ez duzu...”

Eta jakina, zorroan beltza zegoenez, denek pentsatu zuten neskak gorria atera zuela; denek, kalifak izan ezik...

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!