Edurne Begiristain: X Jauna

Euskalerria Irratia 2012ko mar. 21a, 15:59

Gustuko dute politikari ohiek luze eta zabal hitz egitea behin politika mundutik aldenduta daudenean. Lasaiago mintzatzen dira. Arduraren zama gainetik kenduta, libreago sentitzen omen dira. Beldurrik gabe. Inork erantzukizunik eskatuko ez diela jakinda, inoren aurrean azalpenik eman beharko ez dutela jakinda.

Ez da lehen aldia Felipe Gonzalez Espainiako gobernuburu ohiaren adierazpenek zeresana ematen dutena. Inor ez dute epel uzten Gonzalezen hitzek, nahiz eta esaten duena aski ezaguna den. Baina aitortu behar dizuet era gordinean hitz egiten entzuten dudanean, nolabaiteko zirrara bat nabaritzen dudala gorputzean. Gerra zikina eta estatu terrorismoaren mamuak hor daude, Gonzalezen hitz bakoitzaren atzean.

Joan den igandean Espainiako La Sexta telebista kateko Salvados programan elkarrizketatu zuten Gonzalez, eta honek bota egin zituen perla ederrak. Aitortu zuen bere agintaldian ETAren buruzagitza hiltzeko plana mahai gainean izan zuela, eta gaur gaurkoz oraindik zalantzak dituela bere garaian erabaki egokiena hartu ote zuen. ETAren kupula hiltzeko agindua eman izan balu, 200 errugabeen heriotza ekidituko zituela zioen Gonzalezek.

Eta lasai geratu zen hori esanda. GAL auzian X jauna izandakoak ez baitu egindakoaz damurik agertzen. Gerra zikinaren itzalpean urteetan gobernu sozialista inpunitate osoz aritu zen, eta Gonzalezek estatuaren estoldetan egindakoaz informazio asko dauka. Baina nahi duena soilik kontatzen du. Eta lasai geratzen da.

1983tik 1987ra GALek hildako 27 pertsonen azken erantzukizuna igandean Jordi Evolek elkarrizketatutako pertsona daukala jakitea dardarka jartzeko modukoa da, ez zaizue iruditzen?

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!