Egunkariaren azken aurreko orrialdeetan aurkitzen dute bistak eta gogoak pausalekua. Pagadian zehar doan bidezidor orbelez estalitakoan; urtegiaren azalean islatzen diren zuhaitz biluztuetan; arbola ipurdian jaio diren narzisoetan. Udaberriak atzeratuta harrapatu omen du natura, baina iritsi, iritsi dela, egutegiaren arabera.
Udaberriaren sartzea zapuztu zaie Frantziako Tolosan. Argazkiak nahiko neutroak dira: polizia saldoa lanean hilketak gertatutako lekuan; Sarkozy presidentea beste politiko batzuek eta juduen buruzagiek inguratuta, agerpen jendetsuan. Azaleko argazkian, hor bai, nerabe bat negarrez, ingurukoak itun… Hor dago atzo goizean bizi izandako izuaren isla.
Juduen eskolako tiroketa, aurreko egunetan gertatutako militar magrebtarren hilketekin lotuta egon daitekeela. Arrazismoaren arrastoa inondik ere. Fronte Nazionaleko Marina Le Penek ere bertan behera utzi omen ditu hauteskundeetako ekitaldiak. Presidentetzarako hautagaien ekipoek kalkuluak eginda izango dituzte atzokoa nola kudeatu, galerak ekidin eta errentagarritasuna ateratzeko gertakizunari.
Historiako pasarte ez hain urrunen oihartzuna datorkio bati: krisiaren errealitateak eta mamuak beldurtuta daukan gizarte ustez zibilizatuetan zer nolako erresorteak ez ote daitezkeen berpiztu. Eta hementxe, auzoko Okzitanian, udaberri berantiarreko Artikutzatik lau ordura gertatu da guztia.