Atzo gorazarre egin zioten euskarari Espainiar Erret Akademian. Eta han bildu ziren euskaltzain gutxi batzuk, euskararekiko inoiz, inon, inolako ardurarik adierazi ez dutenak eta, baita ere, euskararen aurka jesukristorenak eta bi eremu pribatuan eta publikoan behin eta berriz esan dituztenak, Jon Juaristi kasu.
Eta norberari bururatzen zaio euskarari gorazarre egitea dela euskararen berezko lurraldean hizkuntzari begirunea adieraztea. Esaterako, errolda zibilean jaioberria erregistratzeko euskaraz egin ahal izatea. Edo epaitegi batean normaltasun osoz eta itzultzailerik gabe euskaraz jardutea, funtzionariek hizkuntza ofizialak jakin behar dituztelako. Edo gidatzeko karneta lortze aldera, praktikak eta azterketa euskaraz egitea. Edo ziurtaturik edukitzea kioskora noanean euskara hutsezko produktuak erosi ahal izango ditudala, besteen parean, besteen prezioan. Edo dialean nabilenean euskarazko eskaintza orotarikoa eta kalitatezkoa entzun ahal izatea, hau bezalako kalitatezko irratia-emisora, esaterako, ekonomikoki babestua eta lizentziaz.
Baina euskarazko irrati emisoreei lizentzia ukatzen zaien bitartean, eta ia 50 komunikabidek itomen ekonomikoa salatzen duten bitartean (zentsura mota da dirua ukatzea); edo eskoletan D ereduaren kaltetan A eredua (eta X eredua Nafarroan) sustatzen den bitartean; edo ofizialtasuna lurralde zati garrantzitsuari ukatzen zaionean; edo osasungintzan lan egiteko euskara jakitea ezinbestekoa ez denean, edo gure agintariek euskaraz mintzatzeko gai ez diren bitartean, mesedez, arren, otoi, ez egin gorazarrerik euskarari, non eta Madrilen. Iraingarria da egunez egun euskaraz Euskal Herrian bizi nahi dugunontzat.