Egunkarietako albisteek zirritu tikia uzten diote esperantzari. Nafarroako Alderdi Sozialistaren hurrengo kongresuan Jimenez aterako da ziurrenik garaile eta PSNk legegintzaldia burutu arte segituko du UPNri uztarturik. Albiste etsigarria da sozialistak bidelagun izan lituzkeen nafar euskaltzale-abertzale errealistarendako, baina pozgarria sozialistak egun batez ordezkaturik, gainditurik eta zokoraturik ikusi nahi lituzkeen nafar euskaltzale-abertzale ameslariarendako.
Kontua da, maiz pertsona bera dela aldi berean etsitzen eta pozten den nafar euskaltzale-abertzale hori. Psikologikoki aztertzeko moduko harremana dugu PSNrekin. Gorroto diogu, desagerrarazi nahi genuke, eta aldi berean badakigu ezinezkoa dela eta haren bidelagun izatera kondenaturik gaudela noizbait UPN bidaliko badugu gobernutik. PSNk, ez du halako problemarik. Gorroto baizik ez digu.