Edurne Begiristain: Aurrea hartuta

Euskalerria Irratia 2012ko mar. 14a, 14:40

Ordezkari politiko eta agintariei aurrea hartuta dago euskal gizartea. Ikuspegi zabalagoa du. Malguagoa eta irekiagoa. Ziurrenik, alderdi interesen zamarik ez duelako, eta errealitatea politikaren betaurreko potoloetatik begiratu beharrik ez duelako. Ziurrenik klase politikoaz nazkatuta dagoelako, eta egoera aldatzeko premia handiagoa duelako. Hauteskunde emaitza ertsiek erakusten dutena baino askoz zabalagoa da Euskal Herriko biztanleen ikuspegia. Edo, beste era batera esanda, klase politikoak maiz gizarteak berak baino altuago jartzen du langa.

Soziometroaren azken emaitzak horren erakusle dira. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hamar herritarretatik zazpi euskal presoak Euskal Herriko espetxeetara gerturatzearen alde daude. Eta hori inolako baldintzarik gabe egin behar litzatekeela diote. Aurreko astean Patxi Lopez lehendakariak aurkeztutako neurriek hainbat baldintza jartzen zituen espetxe politika aldatzeko, tartean, damua agertzearena. Baldintza gogorrak jarri zituen lehendakariak, ez ordea, gizartearen gehiengoak.

Politikarien eta gizartearen arteko distantzia handia da. Uste baino handiagoa. Herritarrak eta politikariak urruti daude elkarrengandik. Eta gatazka politikoa bizi dugun herri batean areagotu egiten da distantzia hori. Herritarrok interes partikularren defentsan ikusten ditugu politikariak, eta gai askotan, aurrea hartzen diogu klase politikoari. Kasu egingo baligute, ziur asko dena azkarrago, errazago eta txukunago izango litzateke. Baita prozesua ere. Ez da hain zaila: herritarrei entzun baino ez diote egin behar. Hori baino ez. Hori bakarrik.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!