Hain azkar dabilen munduan ikastea bezain garrantzizkoa da garai batean ikasitakoa gaurko egoerara moldatzea, horrek dakarren guztiarekin, noski, behin baino gehiagotan denbora berriek hankaz gora jartzen baitute egiatzat harturikoa.
Horixe gertatu da informazioaren eta boterearen arteko harreman estuarekin. Dakizuenez, Internet-ik gabeko garaian informazioa boterea zen, hamaika aldiz errepikaturiko leloa da. Hori dena oso aspaldikoa ez izan arren, lekutan dago, munduaren abiadura izugarri azkartu baita azken hamarkadan. Azken urteotan, informazioaren uholdeak harrapatu gaitu eta orain kontua da olatu handiko itsaso horretan igerian ikastea. Kontu zaila, asko eta asko itotzen baitira gainera datorkien informazio-zamak harrapaturik.
Honetaz solasean ari ginela, lagun batek esan zidan ordenagailuko papertegia edo zakarrontzia dela adimen mailaren erakusle hoberena. Beraz, norbait argia den jakin nahi baduzu, ez aztertu ematen dizun informazioa, botatzen duena baizik, bota beharreko informazioa aukeratzea omen baita gaurko erronka nagusienetakoa, zaila, beti ere.
Bitxia da, zinez, zabortegia izatea gizakiaren adimen-mailaren erakusle nagusia.