Argazkiak bere horretan ez dauka inolako izugarrikeriarik. Eskaileretan gora doaz hamaika lagun, emakumezko eta gizonezko gazteak. Aurpegiak serio denek, ez diete begiratzen eskaileren beste ertzetik paraleloan dauzkaten telebista eta argazki kamerei. Izatekotan ere tentsio neurtu eta ia ia barea besterik ez da sumatzen, eta hala ere deserosotasuna sentiarazten du eszenak.
Deserosotasuna argazkiaren motiboagatik. Zapatuan egingo du urtebete Orioko emakume gazte bat desagertu zela. Egun berean aurkitu zuten gorpua Ibai-Eder urtegian, indarkeria zantzuekin. Hortik aurrera izua zabaldu zen… eta zurrumurruak. Bost hilabetera, argi ilun bat: 18 urte betetzera zihoan mutilak bere burua entregatu eta hiltzailea bera izan zela aitortu zuen.
Iritsi da epaiketako lehen eguna, kazetaririk ez salan, baina iluntzerako bota zuen EFE agentziak albistea: epaituak ukatu egin duela bera izan zela hiltzailea.
Aste osoa iraungo du epaiketak, eta hor ikusiko dugu hedabideen arteko norgehiagoka. Gipuzkoan –eta ez Nafarroan- eskela gehien saltzen dituen egunkariak darama zuzia. Gainerako gehienak haren galgan, errepikakor.
Pankartari heldu eta goiza epaitegi aurrean pasatu zuten Urola Kostako feministek eman dute neurria: “Sentsazionalismoa eta morboa utzi behar dira, baina ez isildu”. Hedabideetako nagusi eta langileen eskuetan dago oinarri deontologiko hori betetzea.