Aitor Etxarte: Pribatropia jatorrak

Euskalerria Irratia 2012ko mar. 13a, 16:00

Batzuetan burua estutu egiten dugu ezezaguna, definiezina izendatzeko. Horrela gertatzen da egoera zahar-berri askorekin eta falta zaigun hitzaren ordez antzekoa edo hurbilekoa erabiltzen dugu. Etsipena eta pragmatismoaren bidea.

Beste askotan aurrean dagoen horri ez diogu izenik jarri nahi zuzenegia delako eta, akaso, gatazkaren bidean jartzen gaituelako. Horra hor “txoko” izenarekin gertatzen dena.

Elkarte pribatu gastronomikoa –bere euskarazko itzulpena eginez- deitu ordez “txoko” deitzen zaie. Iruñeko historia garaikidean elkarte horietan batu direnak balore tradizionalen sustatzaile izan dira: eremu pribatuen aldekoak, adin eta sexuen bereizketaren praktikak egin dituzte, neurriz kanpo jan eta edatearen jardueraren apologia egin dute, kultura sanferminero populistaren zaleak izan dira, erdaldun funtzionalak osotara.

Azken urteetan ezkerreko pentsamoldea aldarrikatzen duten lagun koadrila berriek gurpila asmatu dute eta tolerantzia, askatasuna eta ustezko espazio alternatiboen izenean biziberritu dute “txokoen” eredua. Orain feminismoaren, sindikalgintzaren edo ezker jatorraren izenean eredua berpizten da dekorazioa aldatuz: sanferminen irudiaren ordez, Nafarroako bandera ala IKEAren minimalismoa.

Txokoena, besteak beste, hiriaren segregazioan beste urrats bat da. Alde zaharrean, non bestela, diruaren biolentzia erabiliz zoriontasun burbuila pribatuak erosten direlako kanpoan dagoen miseria material eta sentimentala “txokoaren” atean uzteko, bertan bizi diren herritarren premiak baztertuz, euroen bidez errealitate bat inposatuz. Horri pribatropia deitzen zaio: dirudunek hiriaren bazterretara edo alde historikoetan eremu itxietara joateko duten joera.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!