Edurne Begiristain: Beti berandu

Euskalerria Irratia 2012ko mar. 8a, 11:49

Gertakarien atzetik dabil. Berandu iristen da. Astiro doa. Ideia barik. Arriskatu gabe.Ekimenik gabe. Ez dago, eta okerrena dena, ez zaio espero. Halaxe dabil Patxi Lopez Araba, Bizkai eta Gipuzkoako lehendakaria. Legealdia hasi bezala bukatzeko zorian da. Mahai gainean bakean aurrera egiteko ekimen zehatzik jarri barik.

Lehendakari bati berez dagokion lidergorik hartu gabe. Proposamen egiazko eta taxuzkorik marraztu gabe. Ibilbide orri benetazkorik planteatu gabe. Eragile politiko eta sozialen adostasuna bilatu eta lortu gabe. Laua izaten ari da bere legealdia gatazka politikoaren konponbideari dagokionez, eta laua amaituko du. Bihar iragarriko omen ditu Eusko Legebiltzarrean aro berrian aurrera egiteko proposamenak. Bihar omen da eguna. Denak ari dira biharko zitari so, ekimen izarra aurkeztuko balu bezala. Denok dakigu, baina, izar gutxiko neurriak izango direla.

Bere eginkizunei uko egin dion lehendakari batengandik ezer gutxi espero daiteke. Lehendakari bati bakea lortzeko ahalegin guztiak egitea eskatzen zaio, dena ematea, arriskatzea, eta Lopezek, muturrean izan du aukera, baina ez du baliatu, ezta saiatu ere. Aukera osoa galdu du bakea gidatzeko, lidergoaren bandera hori hartzeko. PPrekin ituna egitea garesti atera zaio, garestiegi. Mugatua dagoelako Lopez urratsak egiteko, eskuak lotuta.

Eta PPren gatibu den lehendakari batek, maila politiko eskasa erakuts lezake sustrai politikoa duen gatazka bati aterabideak proposatzeko. Pauso erraldoiak eskatzen zaizkio lehendakariari, baina txikiak baino ez ditu emango, eta berriro ere aukera galduko du, ziurrenik azken aukera, denbora agortu zaiolako eta berriro ere berandu iritsi delako.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!