ETBren seinalea digitalki zabaltzeko hedagailua zigilatu egin du Guardia Zibilak

Euskalerria Irratia 2012ko martxoaren 8a

Iruñean ETB digitalki zabaltzen zuen hedagailua itzali eta zigilatu egin du Guardia Zibilak. Carmen Alba Espainiako Gobernuaren ordezkariak eman du agindua, Foru Gobernuak salaketa egin ondoren.

Bi hilabete iraun du antenak Erreniegan. Eusko Alkartasunako militante multzo batek jarri eta ordaindu zuen. 12.000 euro kosta zitzaien, Gobernuak zioena (milioi bat euro)  baino askoz gutxiago. Antena zigilatu izana gehiegikeria juridiko bat dela salatu du Maiorga Ramirezek, eta Nafarroako eskuinaren sektarismoa adierazten duela.

Joan den astean Iruñean izan zen EITBko buru Alberto Surio. Nafarroako Gobernuko eledun Sanchez de Munianekin bilera egin zuen. Aztergaia, Canal 4k ateak itxi eta gero, bere bi kanalak ETB zabaltzeko erabiltzerik legokeen. Foru Gobernutik zabaltzen ari diren mezua,  bi kanal horiek telebista komertzialentzako direla, eta EITB bezalako telebista publiko bati ematea legearen aurkakoa litzatekeela.

Bistan da ETBri Nafarroan bide guztiak itxi nahi dizkiola UPN eta PSNren gobernuak. Adierazpen askatasunaren aurkako erasoa. Nafarroako euskal hiztunen hizkuntz eskubideen urraketa. Oraingoz, behintzat, ETB hartzeko modu bakarra, analogikoa.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!