Anuska : Ez zait gaizki iruditzen

Euskalerria Irratia 2012ko mar. 7a, 17:37

Denbora dudanean, facebooken sartzen naiz; nire lagunek zer jartzen duten ikustea gustoko dut: aintzakotzat hartu ez dudan gauza askoren berri izaten dut, eta baita lagunena ere: nola dauden eta zer pentsatzen duten.

Bakan batzuetan, halere, deseroso sentiarazten nauten iruzkinak ere topatzen ditut, Pepek berriki idatzi duena bezala: “dirusariak jasotzen dituzten langabetuak eginkizun sozialak egitera behartuak izan daitezke”. Hau denok jakin dugu, asaldatu ninduena ondoan idatzi zuena da: “neri ez zait gaizki iruditzen”

Nire lagun Peperi, beraz, ez zaio behartze hori gaizki iduritzen. Eta ez berari bakarrik, jarraian idatzi zutenen artean, bere lagun bateri, “perfektua” iruditzen zaio; ondorengoari, “arrazoizko”. Ez nekien Pepe zirikatu nahian edo zertan zebilen, ezta gutxiago ere bere lagunak (izaki facebooktarrak besterik ez dira niretzako), baina isildu ezinik, erreplika bota nien: “bai, primerakoa, zabor-enplegua sortzeko modu ezin hobea da”.

Esateko asko bururatu zitzaidan bapatean. Adibidez, eskertzekoa dela benetan pentsatzen duena esatea. Jakin badakidalako neurria beste jende askori ere “ez zaiola gaizki iruditzen”. Esango nioke, baita ere, neurri hori zein pentsamoldek sustraitua den, zer daukan azpian eta oinarrian, jakina: batetik, langabetuak alper batzuk direla, zeren eta ez dutelako edozein lanpostu hartzen “behartzen” ez baditugu, langabezian egotearen errua beraiena balitz bezala;  krisia gehien sufritzen ari direnak krisiaren errudun eginez, azken finean. Bestetik, eginkizun sozialak, eginkizun oso garrantzizkoak ez direla, zeren eta edozeinek, prestakuntza izan ala ez izan, bete ditzakeen, denborapasa moduko bat, gizarteak eskertuko duen zerbait, bai, baina ez benetan funtsezkoa. Eta hirugarrenik, inongo ordainsaririk ez duenak bost axola diola gure gizarteari, izaterik ere ez duela.

Hau dena esateko gogoak izan nituen, baina facebooka, badakizue, ez da eztabaidatzeko lekurik aproposena. Aurpegiak erakusteko bai, bere izenak dioen bezala, eta ez da gutxi. Eta batzutan tristea da, bai, tristea, ikustea nola ari den jendea horrelako gauzak irensten, bai, nola, zein modutan. Badirudi neurriak hartu, hartuko direnez, eta galdetuko ez digutenez, hobe dela ulertzen saiatzea, ezta?

Langabetuak alper batzuk dira, emakumeek ez dute zergatik lagunduak izan behar, funtzionarioek merezi ez dutena kobratzen dute, etorkinak, hobe bere herrialdeetara itzuliko balira, eta artea… horrek ez du ezertarako balio. Eta horrela, gutxika gutxika, pausoz pauso, betikoek ordaintzen dute, okerren daudenek, horiek ordaintzen dute, beste behin, birfinantziatuak ez, hauek bi aldiz zigortuak izanik.

Eta jendeari arrazoizkoa iruditzen zaio, perfektua.

Aspaldi batean lagun batek teoria bat azaldu zidan: inguruarekiko adostasunari buruzkoa. Teoria honek esaten du pertsona batek bizi den giroarekiko adostasuna sentitu behar duela, oreka psikologikoa eduki nahi badu. Barrua eta kanpoaldearen arteko desadostasuna badago, koherentzia eza, horrek min handia sortzen du. Inguru ideologiko deseroso batean, kasu, azkenean, pertsonak bere balioak aldatzera irits daitezke, egokitzen dira, ez sufritzeko. Naziek ondo baino hobeto erabili zuten mekanismoa da.

Batzuk, aldiz, ingurua aldatzen saiatu ziren, edo babeslekuak bilatu zituzten, oreka hori mantentzeko.

Facebookera itzuliz, lagun birtual batzuengan eta haiek jartzen dituztenetan badut nik babesleku franko: salaketa, ekimen pozgarriak… Eta Peperi egin nion iruzkinean ere, erpuru batzuk gora jarrita, nik esandakoa “gustoko” zutela esaten zutena. Batzuoi ez zaigu giro hau “ondo iruditzen”.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!