Demokraziaren oinarri nagusienetakoa aniztasuna izanik, begiratu agintariek zenbateraino onartzen duten aniztasuna eta horrek demokraziaren kalitatearen berri emanen dizu.
Politikari eskasendako aniztasuna arazo bat da. Beren ideologiatik urrun dauden guztiak susmagarriak dira, etsaiak. Agintariek belarriak goxatuko dituzten diskurtsoak besterik ez dute entzun nahi. Politika, gero eta gehiago, zurien eremua da. Agintari gorenaren gustuko hitza zein, horixe esatera prest dagoenak aitzina eginen du. Kritikoa, berriz, baztertu egin behar da.
Politikarako balio duenak berdin-berdin balio du komunikabideetarako. Guregana heltzen diren komunikabide gehienek erabat ahantzia dute kazetaritzak bere-berea duen kritikotasuna.
Ez dira garai onak lirikarako, ezta komunikabideetarako ere. Lehengo egunean Madrilgo Público egunkaria desagertu zen. Politikari gehienek albistea oso tristea dela adierazi zuten. Eta nago, banaka batzuk kenduta, gezurretan ari zirela, orain gehienak lasaiago bizi baitira. Biztanleriak, ordea, inoiz baino gehiago behar duen ahots kritikoa galdu du.