Aitor Etxarte: Iruñea ez da Baltimore

Euskalerria Irratia 2012ko martxoaren 6a

Gizon ilun, geza, hitz gutxikoa da Iruñeko alkatea. Altura, gorpuzkera, janzkera, itxura arruntekoa. Edonor izan daiteke edo, hobe esan da, edonorekin nahas daiteke. Bihar aldatuko balute, ezaugarri antzeko beste bat jarriz, ez ginen ohartuko akaso.

Galera handia izan da, aurrekoarekin alderatuta, eredugarria zelako:  autoritarioa, erasokorra, baztertzailea eta ikusgarria. Oraingoak ez du maila hori ematen. Ez du aurrekoaren arrastoa jarraitzen.

Antzeko zerbait gertatu zitzaien ere Baltimoren. David Harveyk aztertu du hamabost urtez Schaefer abizeneko alkatearen ibilbidea. Gestio bortitza egin zuen hiria enpresa pribatuen modura kudeatuz, zerbitzuak pribatizatuz eta garapen espekulatiboa bultzatuz. Kritika guztien aurrean ozen esaten zuen “hiriaren irudi ona zikintzeko asmo hutsa zegoela atzetik”. Ospetsua egin zen bere leloa: “pentsa arrosa beti”.

Esan eta egin. Erdialdeko espaloiak arrosa kolorez margotu zituen. Bere kudeaketa arrosaren ondorio penagarriak egungo baltimortarrek pairatzen dituzte. Krisialdiak jota zegoen hiri historikoak maldan behera jarri zuen. Iruñean ibilbide paraleloa egin dugu.

Gure alkateari proposamena egin behar zaio Baltimore hiriarekin senidetzeko. Ematen du soluziobide ezberdina aukeratu zutela egoera emendatzeko. Oraingo alkateak Stephanie Rawlings-Blake du izena. Emakumea, beltza eta demokrata. Iruñekoa aurreko alkatearen korolarioa da. Paralelismoak hor bukatzen dira.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!