Besteak beste, omenaldi asteburua izan da azken hau. Hiruzpalau izan dira, nik dakidala: kolore, helburu eta estilo askotarikoak. Omenaldi horietako bat hautatu dut gaurko argazkirako, beste edozein hauta nezakeen, baina hori hautatu dut.
Edozelan ere, esan dezadan gogoan dauzkadan hirurek badutela zenbait komunean: pertsonak omendu dituztela, pertsonen duintasuna dena delakoaren aurrean.
Bermeon, Bizkaiko kostaldean egindakoa da gaurko hautatu dudan argazkia. Hor bertan, Gerra Zibileko itsas-gudariak omendu dituzte. Duela hirurogeita hamabost urte, Euzkadiko gudu-ontziteriako barkuak eta frankisten korazatu enblematikoa, Canarias ospetsua, Matxitxakon, Bermeoko uretan enfrentatu ziren. Ez zuten borrokaldi hori irabazi orduko Jaurlaritzaren ontzi haiek. Ezta gerra ere. Ez Jaurlaritzak ez Errepublikak.
Baina, kontu horretan guztian, bada zerbait ahaztu ezin litekeena. Eta da, azkenean, pertsonen duintasunak idazten duela historia. Bai, badakit… ez dira historia-liburuak kontu horren zaleak: nahiago dituzte horiek epopeiak. Baina, herri-oroimenak ondo gordeta dauzka pertsona horiek, duintasunaren alde borrokatutako horiek…
Eta hala behar du, kasu honetan bezala, beste hainbatetan ere.