Herenegun iragarri zuten sareratu egin dutela itzultzaile automatikoa, eta esaten zuten “itzultzaileak munduko beste hizkuntza askoren parean kokatu du(ela) euskara”. Iraingarria ere suertatzen da honelako adierazpena, esatera baitatoz orain arte euskara ez dela egon beste hizkuntzen parean… eta, gutxienez, argitu beharko lukete zertan ez.
Bartzelonako enpresa batek eta Euskal Herriko beste hiruk garatu dute proiektua. Bartzelonakoa da Lucy Software Ibérica eta Lakuak deitutako lehiaketa publikoan suertatu zen esleitua, antza. Prentsak esaten zuenaren arabera, katalanarekin batera aritu diren beste enpresak bertakoak dira: Deustuko Unibertsitatea, Donostiako UZEI eta Zerbitek. Denetara hamabi profesional aritu dira proiektu honetan azken bi urteotan, eta orain arte 553.432 euroko aurrekontua izan dute, hau da, milioi erdi bat euro, luze.
Albistegia entzun bezain pronto webgunera jo nuen probatzeko. Hizkuntza guztietan askotxo bilatzen den esaldia izaten da “maite zaitut”, maiteminduak saiatzen direlako maitearen hizkuntzan adierazten beren sentimenduak, hurbiltasuna lortze aldera.
Nik zera jarri nuen gaztelaniaz: "te quiero mucho, vida mía" eta "mia bizitza, asko nahi dizut" eman zidan itzultzaileak trukean.
Lagun batzuek ere egin zituzten probak, eta emaitzak Facebooken jarri zituzten. Hona hemen esaldi batzuk:
- Qué vida mas perra = bizitza baina txakur emea.
- Nere uste apalean = con mi opinión en la estanteria.
Nik zera esango nieke katalanei, bertoko enpresa euskaldunei eta dirutza xahutu duen Jaurlaritzari: tresna hobetu arte, ken ezazue saretik, arren!