Bardoak martxoaren 9an itzuliko dira

Euskalerria Irratia 2012ko martxoaren 2a

Nafarroako Bertsozaleen Elkarteak bidalitako berria

Nafarroako taldekako txapelketak lehen fasea amaitu zuen otsailaren 19an eta hurrengo ostiralean, hilaren 9an, bigarren faseari ekinen dio. Orain artean oso erantzun ona izan du ekimen berri honek, 1.100 bertsozale elkartu baitira lehen fasean egin diren saioetan. Bigarren fase honetarako sei talde sailkatu dira eta sei saio jokatuko dituzte, bina saio talde bakoitzak. Binaka arituko dira talde horiek, saio bat etxean izanen dute, eta bestea “kanpoan”. Sei talde horietatik hiru sailkatuko dira martxoaren 31n Leitzako pilotalekuan eginen den finalera.

Martxoaren 9an, ostiralarekin, abiatuko da bigarren fasea, Iruñean. Bertze Maldikoak eta Rimak Exkaxkok kantatuko dute Iruñazarra ostatuko beheko soilaruan, arratsaldeko 19,30ean. Auritz-Iruñeko Bertze Maldikoko bertsolariak Aimar Karrika, Ainhoa Aranburu eta Oskar Sanz de Acedo dira eta Lesakako Rimak Exkaxko taldekoak, berriz, Iñigo Olaetxea, Estitxu Fernandez eta Eneko Fernandez. Saioa 3 eurotan da, eta horren ostean ostatuan bertan afaltzeko aukera izanen da, saioa eta afaria 20 euroan.

Egun horretako bigarren saioa Iturenen izanen da. Iturengo Herriko Etxeko ganbaran bertso afaria eginen dute, 21etatik aurrera. Afalostean Oronoz-Malerrekako Erauntsi eta Leitzako Leitzaundi arituko dira. Erauntsiren aldetik Iker Gorosterrazu, Alazne Untxalo eta Amaia Elizagoien bertsolariek kantatuko dute. Leitzaundin, berriz, Migel Mari Elosegi “Luze”, Iñigo Ibarra eta Iñigo Sagastibeltza dira bertsolariak. Afaria eta saioa, 12 eurotan.

Asteburu horretako azken saioa martxoaren 10ean, larunbatarekin, izanen da; Etxarriko gaztetxean, 22etan; herriko Bilixkorriko eta Barañaingo Beteranoak arituko dira. Etxekoen taldea Eneko Lazkoz, Joseba Beltza eta Alain Iriartek osatzen dute, eta Beteranoena Saioa Alkaiza, Mikel Lasarte eta Ander Baianok. Sarrera 3 eurotan da eta saioaren ondoren DJ saioa izanen da.

Bardoak 2012ko bigarren fasea martxoaren 17 eta 18an amaituko da, egun horietan jokatuko baitira bueltako saioak. 17an Leitzaundi eta Erauntsi taldeak Leitzako Aurrera elkartean arituko dira 18etatik aurrera; bertso saioa izanen da eta sarrera 3 eurotan da. Egun berean bertso afaria eginen dute Igantziko Biltoki Elkartean, 21etan hasita. Horren ostean, Rimak Exkaxko eta Bertze Maldiko taldeen bertso saioa. Afaria eta saioa, 15 eurotan.

Azkenik, bigarren faseko azken saioa martxoaren 18an jokatuko da, Barañaingo Alaitz ikastetxean, 20etatik aurrera. Bertso merendua izanen da eta saio horretan Beteranoak eta Bilixkorriko taldeak arituko dira. Merendua eta saioa, 5 eurotan.

Saioen eta sarreren inguruko argibide guztiak hemen aurkituko dituzue. Sarrera kopurua mugatua da eta aldez aurretik erreserbatzea komeni da.

Argazkia: bardoak.com

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!