Edurne Begiristain: Autokritika

Euskalerria Irratia 2012ko mar. 1a, 14:24

Autokritika egiteko garaia da. Norberak eragindako samina aitortzekoa, egindako akatsak onartzekoa. Autokritika egitea ez da samurra, ez behintzat herri honetan, ez hildakoak, zaurituak, torturatuak edota espetxeratuak daudenean. Nork bere erantzunkizunaren zatia aitortzea kosta egiten da. Ez gaude ohituta hori egitera, gatazkaren zurrunbiloan urte gehiegi eman baititugu murgilduta.

Ziur asko, askorentzat berandu iritsi da ezker abertzalearen autokritika. Askok ez dute sinetsiko ezker abertzaleak esandakoa. Askok pentsatuko dute honezkero ezker abertzaleak sinesgarritasunik ez duela, eta itxurakeria besterik ez dela bere autokritika. Eskubide osoa dute hori pentsatzeko. Baina ezker abertzaleak egindako urratsak, gustatu ala ez, izango du bere garrantzia eta pisua adiskidetzerako bidean.Beste autokritikek izango duten moduan. Falta diren autokritikek izango duten moduan.

Beste urrats batzuk etorri beharko dira. Lehenago edo beranduago, estatuak ere egin beharko du bere autokritika. Eta alde bateko zein besteko alderdiek eta erakundeek ere bai. Ziurrenik, ez dira izango nahiko genukeen bezain azkarrak, ezta desiatuko genukeen bezain sendoak. Baina egin egingo dituzte.

Berrogei urte igaro behar izan dira Erresuma Batuak Derryko sarraskiagatik barkamena eskatzeko. Zenbat denbora beharko duen Espainiako Estatuak eragindako sufrimendua aitortzeko zaila da jakitea. Baina gai honetan presak ez dira bidailagun onenak. Exijentzia garaia gainditu beharra dago, eta norberak urratsak egin beharko ditu bestearen zain egon gabe. Horrek erraztuko du bidea eta zubiak eraikitzen lagunduko du. Denbora kontua da.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!