Elixabete Garmendia: Maleta mexikarra

Euskalerria Irratia 2012ko otsailaren 28a

Hortzak zorroztuta geratzen da bat gaurko azaleko argazkiaren aurrean. Orrialde herena hartzen duen irudiak, begira dagoen ikuslea kendu, eta hogeita hamasei argazkiz osatutako mosaikoa erakusten digu. Horietako bat edo beste identifika daitezke; esaterako ortuariak aurrean dituztela merkatuko plazan eserita dauden emakumeena; zaharrenak zapia darama buruan, bizkaitar erara jarrita. Argazkia Gernikakoa izan daiteke, adibidez.

Badago beste sekuentzia bat, ospitalekoa. Hor, zaurituta edo gaixorik oheratuta dagoen gizonaren inguruan moja bat ageri da, hegasdun burukoarekin. Argazkietako batean irribarre zabala eskaintzen dio kamerari mojak.

Maleta mexikarra iritsi da gurera juxtu Auzitegi Gorenak esan duenean baietz, 36ko gerrako sarraskiei buruz egia jakitea bidezkoa eta beharrezkoa dela, baina hori estatuaren egitekoa dela, eta batez ere historialariei dagokiela. Garzoni bidea ixtearekin batera, gerra garaiko beste auzibide guztiei ere itxi die atea Gorenak. Estatuak orain arte gai horri heltzeko erakutsi duen jarrera ikusita, historialarien gainean geratzen da eginkizuna. Aranzadi eta antzeko taldeen gain, biktimen familiartekoen gain azken batean. Hasieran bezalaxe.

Capak, Chimek eta Tarok ateratako argazkiek ez dute 36ko gerrako krimen bakar bat ere argituko. Ez dute aseko 75 urte zain daramatzaten familien jakin mina. Baina osatuko dute mural bat, giro bat, iruditegi bat, non kokatu ahal izango diren biktimak duintasunez. Eskerrak maleta mexikarra ez dagoen Gorenaren esku.

Argazkia: Argia

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!