"Ezker abertzalearen diskurtsoaren garapenean, biktimei buruzko gogoeta autokritikoa mugarria da". Hala azaldu du Pernando Barrenak gaur goizean Pasahitza saioan, Konponbide haizea dabil adierazpenaren kontura. Barrenaren arabera, ariketa autokritiko horrek "ikuspegi esfortzua eskatu du" eta "katarsia" eragin du ezker abertzalearen barruan, baina "hori bera da balioa ematen diona".
Ezker abertzaleak egin duen autorkitika hori ez dela nahiko diotenei erantzun die ez dutela gogoeta egin inoren belarria goxatzeko: "Egoera politiko honetan eman beharreko pausoa zela uste genuen, gauzak argitzeko eta ezker abertzalea egoera berri horretan birkokatzeko". Autokritika berandu datorrela diotenentzako arrapostua: "Une egokian dator, posible izan denean, egoerarik egikienean".
"PP bere diskurtsoa modulatzen ari da"
Ezker Abertzaleak ETAri desegitea eskatzeari buruz ere mintzatu da Barrena: "Guk argi daukagu ETAk desegin behar duela, eta armak erabileratik kanpo utzi behar dituela. Eta halaxe aipatu dugu gure agirian. Baina argi dago hori ez dela gertatuko ETAk jakin arte zer gertatuko den bere presoekin eta iheslariekin".
Espainiako Gobernuak ETArekin irtenbide tekniko horiek lehenago edo beranduago negoziatu beharko dituela gaineratu du Barrenak: "Ezker abertzaleak badu gauzak mugitzeko beharra, presoak espetxean dituelako. Baina Espainiako Gobernuak ere baditu presioak, oso argi dagoelako auzia konpontzeko aukera garbi baten aurrean dagoela, eta bere jendeak ere gero eta gutxiago ulertzen duelako hori ez aprobetxatzea".
Gainera, Barrenaren idurikoz, PP emeki-emeki bere diskurtsoa aldatzen ari da: "Diputatuen Kongresuan onartutako adierazpena, bere argi-itzalekin, horren adibidea da, ilegalizazioaren bidea alde batera uzten baitu".