Jantzi dotore baten baitan, elegante, distiratsu, ibilera pausatuan, eta ongi ikasitako ardurazko eitearekin azaldu da gaurko protagonista egunkarietako argazkietan.
Alfonbra gorririk gabe, baina hirurehun kameraren aurretik igaro da Espainiako Erregearen suhia, Iñaki Urdangarin, epaitegiko bidetik. Ematen du ondo ikasi duela gidoia, ikusteko dago saria zein izango den…
Bi kontu utzi ditu argi; beste hamaika, ilun. Argi utzi du Espainiako Errege-etxeak esan ziola ez ibiltzeko lagun txarrekin. Eta berak, entzungor egin. Ez zela ondo portatu aitaginarrebarekin.
Argi utzi du andreak, Espainiako Erregearen alabak, ez duela eskurik sartu gozokien poltsan.
Besteaz, beste guztiaz, ez dela gogoratzen, halaxe esan du. Oroimena legez, amnesia ere, nonbait, selektiboa baita.
Burutu da antzerkia. Sariaren zain geratu da aktorea.