Miel Otxinek primeran dakienez, atzo bertan bukatu ziren inauteriak. Beraz, inauterietako gehiegikeriak eta giro eroa alde batera utzi, eta bestelako giro batean sartzeko unea dugu oraingoa.
Gurean, badakizue, izugarri gustatzen zaigu mutur batetik bestera pasatzea, eta brastakoan baldin bada, askoz hobeki.
Beraz, Garizumaren hasiera markatzen digun hausterre-egun honetan barau egiteko eguna dugu, edo, behintzat, hori proposatzen digu liturgia kristauak. Gaur ez da jakirik hartu behar. Dena dela, mundu mundutar honetan egiten den sakrifizio hori, onuragarria omen da mundu ikusezinezko kontuetarako; neronek aditua diot garai batean irakasle izan nuen apez bati: “Barau egitea elikagaia da espirituarentzat”.
Tira, nolanahi ere, norberaren esku dago horrekin bat egitea edo ez, eta niri oso ongi iruditzen zait barau egitea, baldin eta nahita egiten bada. Izan ere, maizegi ahazten ditugu mundu osoan zehar goseak jota dauden milioika pertsona horiek, halabeharrez barau egitera behartuta egoten direnak, eta gaurkoa egun polita izan daiteke haietaz ere oroitzeko. Gure bizimoduaren maila apaltzen ari garen honetan, gure zilborrari begira gabiltza, eta akaso atzendu egiten dugu urrunekoa iruditzen zaigun gosearen kontu larri hori. Gogoan izan, beraz, eta zerbait egiten baduzue munduko gosea arintze aldera, orduan bai elikatuko duzuela zuen espiritua.
Eta besterik ez, lagunok, gogoratu hausterre-egun honetan Bibliako esaldi hori: “Hautsa zarete, eta hauts bihurtuko zarete”. Hori ere primeran daki Miel Otxinek... Bitartean ongi bizi!