Bala-bala dabil zurrumurrua. Osasuna erreka jotzekotan dago, zorrek itota, eta erakundeek, Nafarroako Gobernuak, alegia, erreskatera jo beharko du, zalduneriako zazpigarrena iduri. Diru publikoa barra-barra, gure lehen mailako futbol taldearendako.
Erokeria dirudi, baina dudarik ez dut: Osasunak erraten duten bezain osasun txarra duela egiaztatzen bada, agintariek munduan diren laguntza guztiak emanen dizkiete, horretarako gure poltsikoa, ez berena, jakina, are gehiago hustu behar badute ere. Egoera ekonomiko orokorra den bezalakoa izanda, inoiz baino Osasuna gehiago behar baita, inoiz baino riau-riau gehiago, inoiz baino ergelbide gehiago.
Eta horretan, tamalez, ados daude, erabat ados gero, krisiaren ondorioak modu mingarrienean pairatzen ari direnetariko aunitz. Etxerik gabe, autorik gabe, emazterik gabe, seme-alabarik gabe geldituko dira baina Osasunaren banderak iraunen du zutik.